Bizarra eta txandala. Horiek ziren Juantxo Villarrealek (Errenteria, 1947) Bidasoa eskubaloi taldean zituen ezaugarri ahaztezinak. Talde haren gidari zela lortutakoak memorian gordeko dituzte irundar askok, baita eskubaloizale diren eta ez diren askok ere.
Guztira, 22 urtez izan zen Villarreal Bidasoako aulkitxoan. Baina eskubaloiaren munduan lehenengo pausoak jaioterrian eman zituen, korazonistetan. «Ereintza taldearen sorreran hasi nintzen ni eskubaloira zaletzen, eskolan sortu zen taldean. Orduan, Panierreko zubiaren ondoan zegoen egoitza, eta jolastoki txiki hartan Ereintza sortu zuten haiek ikusiz piztu zitzaidan eskubaloirako grina». Eskola Telleri-Aldera mugitu zutenean ere, jokatzen jarraitu zuen Villarrealek, baita Donostiako Mundaiz ikastetxean egon zenean ere. Soldaduska Zaragozan (Espainia) egin zuen errenteriarrak, eta han ere ezagutu zituen taldeak: Helios, Bianchi…
Baina jokalari ibilbidea eskuetako lesio batek eten zion. Eskubaloiari lotuta jarraitzeko asmoa zuen: «Txikitatik nuen entrenatzaile izateko gogoa. Gauzak ikusten nituen telebistan edo Errenteriako udal pilotalekuan, eta gero praktikan jartzen nituen Santa Klara kalean, auzoko lagunekin». Serioski entrenatu zuen lehenengo taldea Lezoko Allerru taldea izan zen; ondoren, Zarautzen ere aritu zen. «Arrateren talde teknikoak kontratatu ninduen ondoren. Ohorezko Mailako partidak ikusi eta txostenak egiten nituen».
Lehenengo urtean, bigarren mailara
Arraten zegoela, bizitza aldatu zion deia jaso zuen entrenatzaile ohi errenteriarrak: Irungo Bidasoa eskubaloi taldearena. 1975a zen, eta artean eskubaloi ligarik gorenean zegoen. Hala ere, Villarrealen estreinako denboraldian bigarren mailara jaitsi zen taldea. «Erruaren zati handiena nirea izan zen», onartu du, umil: «Baina esan behar dut zorte handia izan nuela, zuzendaritzak karguan mantendu ninduelako. Horrelako kasuetan, normalena ipurdian ostikada bat ematea izaten da».
Hurrengo denboraldian Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten. Behin maila hori lortuta, ez ziren, Villarrealen agindupean bederen, berriro jaitsi. Gora egin zuten, gainera. «Pixkanaka egin genuen gora. Lehendabizi, mailari eustea lortu genuen. Gero, sailkapenaren erdialdean finkatu ginen. Noizbehinka bigarren mailako Europako txapelketak jokatzen genituen… eta 1985ean iritsi zen Liga txapelketa. Geroago iritsi zen Europako Kopa».
Oroitzapen gazi-gozoak ditu errenteriarrak orduko ibilbidea gogoratzean. Gozoena lehenengo liga hura izan zen: «Meritu handia izan genuen. Taldean 11 irundar zeuden, sanjuandar bat eta bi balkandar. Bartzelonari irabaztea ere… Ez dut uste inoiz horrelakorik gertatuko denik berriro. Liga irabazteak irundarrak biziki poztu zituen, baita inguruko herrietakoak ere. Eta hori atsegin handiz hartu genuen. Izan ere, goi mailako kirolean, zaleak ez badituzu gogobetetzen, egiten ari zaren lanak ez du inolako zentzurik».
Uste du klubak jokalariak fitxatzeko orduan asmatu zuela. «Gaitasun ekonomiko handiagoa zuen klubak lehenengo ligaren ondoren, eta asmo handiagoak hartu zituen ordutik aurrera. Gainera, garai hartako munduko jokalari onena ekarri genuen: Bogdan Wenta. Beste hainbat jokalari handi ere ekarri genituen».
Europako Errekopa irabazi, eta utzi
Maila goreneko Europako txapelketa bat irabazi zuen lehen euskal taldea izan zen Bidasoa, 1995ean. «Pentsaezina zen. Eskaileran beste maila bat igotzea izan zen. Munduko talde onena izatea lortu genuen. Hainbeste jende alaitzea… Ederra izan zen!». Finaleko lehen partida hamar golen aldearekin irabazi zuten, baina Zagreben (Kroazia) «oso bakarrik» sentitu zen Villarreal: «Ia ezinezkoa zen galtzea… baina galtzen bagenuen, zer? Gogoan dut hoteleko korridorean bakarrik nengoela, toreatzaile bat plazara atera aurretik egongo litzatekeen moduan». 1997an utzi zuen taldea, «nekeagatik». Taldea zuzendu zuen azkeneko partida Europako Errekopako finalekoa izan zen, Hungarian. Hura ere irabazi zuten. Ate handitik atera zen.
Eta diputazioko lanpostuan buru-belarri hasi zen, entrenatzaile lanak utzita; horretan jarraitzen du gaur egun ere, kirol teknikaria baita. Entrenatzaile zen garaian ere lantokia zuen aldundian: «Baina, entrenatzaile nintzenez, malguak ziren nirekin. Hori biziki eskertu behar diet».
Orain Bidasoa ez dago momenturik onenean, eta krisi ekonomikoaren testuinguruan kokatzen du Villarrealek. Hala ere, ziklo bat dela dio, eta garai hobeak etorriko direla ziurtatu du.