Errenteriako Udalak erakutsitako jarrera txalotu du Eguzkik
Oarsoaldeko Eguzki talde ekologistak, Errenteriako Udalak Oiartzun ibaia berreskuratzeko hartutako erabakia txalotu du. Halaber, orain arte izandako gobernu taldeek ingurumenaren gainean izan duten jarrera “testimonial hutsa” izan dela sala...
Oarsoaldeko Eguzki talde ekologistak, Errenteriako Udalak Oiartzun ibaia berreskuratzeko hartutako erabakia txalotu du. Halaber, orain arte izandako gobernu taldeek ingurumenaren gainean izan duten jarrera “testimonial hutsa” izan dela salatu du talde ekologistak: “Oiartzun ibaiak sortzen duen bioaniztasuna berreskuratzeko inongo asmorik ez dute azaldu”.
Herritarrek urteetan ibaira egindako kontrolik gabeko isurketak behin baino gehiagotan salatu izan dituztela gogora ekarri dute Eguzkikoek, baina orain arte ez dutela udalaren aldetik erantzunik jaso. Aurreko gobernu taldeek ingurumena, eta kasu honetan Oiartzun ibaia, “interes ekonomiko eta jarduera industrialen menpe” jarri izan dutela salatu du talde ekologistak, “pertsonen osasunaren eta ingurumenaren kalterako”.
Neurriak norabide egokian
Añarbeko Mankomunitateak eta udalak, Oiartzun ibaian egindako kontrolik gabeko isurketekin amaitzeko hainbat neurri adostu zituztela jakinarazi zuen Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak hilabete hasieran. Hartutako neurri sortarekin, ibaiko hondakin eta industria uren saneamendu osoa lortzearekin batera, uraren kalitatea hobetu eta bertako landare eta animaliak babestuko dituztela zehaztu zuen Ingurumen zinegotziak.
Oiartzun ibaiaren inguruan sortzen den bioaniztasuna berreskuratzeko iragarritako neurriak “norabide egokienetik” doazela nabarmendu du Oarsoaldeko Eguzkik, eta hasitako bide berria «ingurumeneko beste arloetara zabaltzeko» eskaera egin dio Errenteriako Udalari.