Eraikuntzako langabeek aldundiari igorri dioten eskaera onartzea nahi dute
Gipuzkoako Eraikuntzako Langabeen Plataforma bilera errondak egiten ari da erakunde eta alderdi politikoekin. Bilkura horietan sektorean bizi duten egoeraren berri eman dute langabeek, eta batik bat 2010eko abenduaren 21ean Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako eskakizuna betetzeko babesa eskatu. Eskakizun horretan, Batzar Nagusien 87/2010 erabakia foru arau bihurtzea biltzen dute, eta hori betetzeko zenbait neurri martxan jartzea. Hala nola, aldundiak esleitutako eta azpikontratatutako enpresetan Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena aplikatzen dela egiaztatzea. Egun, jarraipen hori egitea ez da aldundiaren eskumena, eta hain zuzen, horregatik nahi dute foru arau izatea. Epe bat ere jarri dute: azaroaren 20a baino lehen bozkatzea Batzar Nagusietan. Urritik egiten ari dira bilera errondak. Horretarako, aldundiaren egoitzaren aurrean astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeak baliatzen dituzte. Aurretik, ordea, deialdiaren berri ematen diete ordezkariei. Urriaren 10ean, Jose Maria Murgiondo Batzar Nagusietako PPko ordezkariarekin elkartu ziren, baina Rafa Lorente eta Marcos Burillo plataformako ordezkarien arabera, ez zien erantzun garbirik eman. Urriaren 17an, berriz, EAJko ordezkari batekin biltzekoak ziren. Alderditik, baina, Batzar Nagusietan elkartzeko eskatu zieten, eta plataformako kideek ez zuten hori onartu, “besteekin bezala” elkartu behar zutela iritzita. Oraindik ez dute bilerarik egin. Urriaren 20an, berriz, Batzar Nagusiek deituta, bilera egin zuten erakundearen egoitzan Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Joseba Altube [...]
Gipuzkoako Eraikuntzako Langabeen Plataforma bilera errondak egiten ari da erakunde eta alderdi politikoekin. Bilkura horietan sektorean bizi duten egoeraren berri eman dute langabeek, eta batik bat 2010eko abenduaren 21ean Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako eskakizuna betetzeko babesa eskatu.
Eskakizun horretan, Batzar Nagusien 87/2010 erabakia foru arau bihurtzea biltzen dute, eta hori betetzeko zenbait neurri martxan jartzea. Hala nola, aldundiak esleitutako eta azpikontratatutako enpresetan Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena aplikatzen dela egiaztatzea. Egun, jarraipen hori egitea ez da aldundiaren eskumena, eta hain zuzen, horregatik nahi dute foru arau izatea. Epe bat ere jarri dute: azaroaren 20a baino lehen bozkatzea Batzar Nagusietan.
Urritik egiten ari dira bilera errondak. Horretarako, aldundiaren egoitzaren aurrean astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeak baliatzen dituzte. Aurretik, ordea, deialdiaren berri ematen diete ordezkariei. Urriaren 10ean, Jose Maria Murgiondo Batzar Nagusietako PPko ordezkariarekin elkartu ziren, baina Rafa Lorente eta Marcos Burillo plataformako ordezkarien arabera, ez zien erantzun garbirik eman.
Urriaren 17an, berriz, EAJko ordezkari batekin biltzekoak ziren. Alderditik, baina, Batzar Nagusietan elkartzeko eskatu zieten, eta plataformako kideek ez zuten hori onartu, “besteekin bezala” elkartu behar zutela iritzita. Oraindik ez dute bilerarik egin.
Urriaren 20an, berriz, Batzar Nagusiek deituta, bilera egin zuten erakundearen egoitzan Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Joseba Altube sail horretako zuzendariarekin. Bertan, 2010eko abenduaren 21ean aurkeztutako eskakizuna izan zuten hizpide. Hori aztertzeko prest azaldu zen diputatua.
Azken elkarretaratzea hilaren 1ean egin zuten,PSE-EEko ordezkariren batekin biltzeko, baina zubia zela eta, ezingo zutela joan jakinarazi zieten. Bilkura bat daukate zintzilik, eta oraindik ez dute egin.
Babes eza
Izandako bilereretatik ondorioztatu dute aldundia, Batzar Nagusiak eta Donostia eta Errenteriako udalak izan direla “ateak ireki” dizkieten bakarrak. Gogorarazi dute horietan Bildu dagoela agintean. Atzo bertan aldunditik jakinarazi zieten konpromisoa hartzen dutela ahal duten neurrian eraikuntzako lan hitzarmena betearazteko lan publiko guztietan.
Gainontzeko alderdiek, berriz, ez dietela babesik eman salatu dute, batik bat PSE-EEk eta EAJk. PPri dagokionez, berriz, bilera egin bai, baina «promesetan» geratu direla iritzi diote.
Bestalde, hilaren 29an Gipuzkoako Langabeen Asanblearako deia egin dute. Sektore guztietako langabeei zuzendu diete deialdia, eta 18:00etan elkartuko dira Donostiako Bulebarreko kioskoan.