Oinez nahiz bizikletaz ibilaldiak egiteko ez da urrutira joan behar. Oarsoaldean, etxetik atera gabe, hainbat ibilbide daude egiteko haurrentzako zein nagusientzat, errazak nahiz zailak. Abentura berriak topa daitezke eskualdeko mendi inguruan: Aiako Harria Parke Naturalean (Oiartzun eta Errenteria-Oreretan), Jaizkibel mendian (Pasaia eta Lezon), Ulia mendian (Pasaian) eta Lau Haizetaran (Errenteria-Oreretan).
Oarsoaldea Garapen Agentziak herritarren eskura utzi ditu zenbait ibilbide proposamen eta Pasaiako eta Oiartzungo turismo bulegoetan eskura daitezke doan edota
turismo bulegoaren webgunetik deskargatuta.
Ibilbideak
Zailtasun baxu-ertaina
- Ibilbide megalitikoak: (Oiartzun-Errenteria). Autoz eta oinez egin daiteke. Eskualdeko zenbait monumentu megalitiko ikusteko aukera dago.
- Arditurriko bide berdea (Oiartzun). Errenteriako bidegorriarekin lotuta, hamalau kilometro ditu. Arditurriko trenak erabiltzen zuen antzinako bidea da. Bizikletan, oinez, patinez, eta Tren Berdean egin daiteke.
Zailtasun ertain-altua
- Ibilbide homologatuak. Hamasei ibilbidek osatzen dute: herri ibilbideak (SL), ibilbide laburrak (PR) eta ibilbide luzeak (GR). Guztiak seinalizatuta daude eta mota askotako luzerakoak, bost eta 34 kilometro artean.
- Done Jakue Bidea. Bi ibilbide daude: kostakoa, Hondarribia, Lezo eta Pasaiatik pasatzen dena (16,2 eta 17 kilometroko bi bide daude), eta barrukoa, Irun eta Astigarraga artean, Oiartzun eta Errenteriatik pasatzen dena. 22,9 kilometro ditu.
- Jaizkibelgo kostako bidea (Pasaia). Pasaiatik Hondarribira bederatzi ordutan egin daiteke. Seinalizatua dago eta ohitura dutenei zuzendua dago.