Emaitza onak lortu dituzte Txakurkrosa Oarsoaldean taldekoek Donostian
Denboraldia ederki hasi du Txakurkrosa Oarsoaldean taldeak. Pasa den asteburuan Donostian jokatu zuten txakurkrosaren lehenengo ekitaldian hainbat garaikur lortu zituzten eskualdeko taldekoek.
Jon Elosegik, Jon Perezek eta Patxi Azpiazuk bere kategoriatan irabazle izatea lortu zuten. Azpiazuk 50 urteko Beteranoen Mailan nagusi izatea lortu zuen. Hala ere, ez zen podiumean egon zen taldekide bakarra izan: Jose Ramon Ortuostek hirugarren postua lortu zuen. Elosegik 40 urteko Beteranoen Mailan irabazi zuen. Perezi dagokionez, denboraldiko bigarren txapelketa lehiatu eta bigarrena irabaztea lortu du. Aurreko astean Arnedoko (Errioxa) txakurkrosean nagusi izatea lortu zuen.
Senior Mailan, berriz, Joel Lamasek eta Iban Angulok lehenengo postuetan sailkatzea lortu zuten. Lamas bosgarren iritsi zen helmugara (lehenengo parte hartzea zuen txakurkrosean) eta Angulo, berriz, bi postu atzerago.
Parte hartzaileek 7.400 metroko ibilbidea egin behar izan zuten, prestatutako zirkuituari bi itzuli emanez. Ojo txakurkros taldeak antolatu zuen Donostiako lasterketa, estreinakoz. Euriteek bete-betean hartu zituzten txakurkroslariak.
Gipuzkoako zirkuituaren lehena izan zen. Errenteria-Oreretan eta Donibanen ere egingo dute. Horretaz gain, beste bi ere antolatu dituzte: Zumaian eta Tolosan.
Bestalde, Txakurkrosa Oarsoaldean taldean parte hartu nahi dutenek, epea zabalik dute. Informazio gehiago jasotzeko: txakurkrosaoarsoaldean.jimdo.com.