Batera Baik egungo egoera politikoari buruzko mahai-ingurua antolatu du gaurko
Garai politiko berriaren harira, Batera Bai ekimenak mahai-ingurua antolatu du gaur arratsalderako Aieteko adierazpena, ETAren behin betirako su-eten iragarpena: eta orain zer? izenburupean. Mahai-inguru horretan Mario Zubiaga Zientzia Politikoetako do...
Garai politiko berriaren harira, Batera Bai ekimenak mahai-ingurua antolatu du gaur arratsalderako Aieteko adierazpena, ETAren behin betirako su-eten iragarpena: eta orain zer? izenburupean. Mahai-inguru horretan Mario Zubiaga Zientzia Politikoetako doktoreak eta EHUko katedradunak, Ramon Zallo EHUko Ikus-entzunezkoen Komunikazioan katedradunak eta Arantza Zugasti Noticias de Gipuzkoa egunkariko zuzendariak parte hartuko dute. 19:30ean hasiko da mahai-ingurua eta Reina aretoan egitea da antolatzaileen asmoa. Hala eta guztiz ere, hauteskunde kanpainarekin lotutako saioren bat bada, Merkatuzarren egingo dute.
Lehengo urtean zehar egindako egoera politikoari buruzko hitzaldi zikloetatik sortutako taldea da Batera Bai, eta handik ateratako ondorioekin egindako ekitaldiaren ostean egoera politikoan egondako aldaketak direla eta, mahai-inguruekin aurrera jarraitzea erabaki dute: “Batera Baik herritarren eskura jarri nahi ditu garrantzia politiko bereziko une hauetan herritarren kontzientzia kritikoa lantzen lagun dezaketen edukiak. Francoren heriotzaren ondoren, ez da orain bezalako sakontasuneko aldaketaren garairik gertatu”.
Horrenbestez, gaurko ekitaldia eta gero, ekimen berriak ere egingo dituzte, eta datozen egunotan emango dutela horien berri jakinarazi dute Batera Baitik.
“Abagunearen garrantzia eta hizlarien kualifikazioa kontuan hartuta” antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte Reina aretora joatera.