Tomas Garbizu Musika Eskolaren gaineko murrizketak onartu ditu Udalbatzak
Musika Eskolaren gaineko murrizketa onartu zuen udalbatzak atzoko saioan
Atzo arratsaldean egin zuten Lezoko zinegotziek ikasturte berriko lehenengo udalbatzarra oporraldiaren ostean. Besteak beste Tomas Garbizu Musika Eskolaren gaineko murrizketa onartu zuen Udalbatzak Bilduren aldeko bozkekin. EAJk eta PSE-EEk 2011 urteko lanpostuen zerrenda aldatzeko diktamina onartzearen kontra egin zuten. Gaiak, eztabaida piztu zuen udal areto nagusian, eta musika eskolako irakasleek, langileen batzordeko ordezkariek eta hainbat gurasok “murrizketak, eskolaren kalitatean eragingo duela” salatu zuten. Neurri horrekin, bertan behera geldituko da aurreko legegintzaldiaren amaieran udala eta musika eskolaren artean sinatutako hitzarmena. “Hitzarmena lortzeko hiru urte luze eman genituen bileretan eta irakasleek 30.000 euroko jaitsiera izan zuten dedikazioari dagokionez akordiora heltzeko” zehaztu zuten langileek. Ainhoa Zabalo alkateak, neurria “udalak bizi duen egoera ekonomiko larriak” eragindakoa dela eta halako murrizketak egin behar izatea “gustuko” ez dutela nabarmendu zuen. Langileen batzordeak, berriz, eskaera egin zion idatzi bidez Udalbatzari: “Proposamena mahai gainean utzita, langileen batzordera bideratzea eskatzen dizuegu, langileon gaiak tratatzeko leku bakarra hori baita. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, gainera, musika eskolako langile kaltetuekin biltzea gaia berraztertu eta bideratzeko”.
San Marko zabortegiaren gaineko mozioa
San Marko zabortegiaren itxieraren gainean PSE-EEk aurkeztutako mozioa zen Udalbatzako beste puntuetako bat. Bildu koalizioak mozio alternatiboa aurkeztu zuen, eta azken horrek egin zuen aurrera EAJ eta PSE-EEren kontrako botoak jaso bazituen ere. Onartutako mozio alternatiboak, Gipuzkoako mankomunitateekin eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin elkarlanean, hondakinen gaiari alternatibak proposatu eta bide berriak erabakitzeko proposatzen du, “egungo zabortegiak eta errausketaren bidea gainditzeko”.