San Martzial Judo Txapelketaren 43. ekitaldia jasoko du Artalekuk bihar
Kirolaren arloan gogor eragin du krisi ekonomikoak. Ikusle kopuruak jaitsi egin dira eta erakunde publikoek diru laguntzak murriztu dituzte. Horrek kirol txikiei egin die kalte gehien, judoari esaterako. Horregatik meritu handikoa da bihar San Martzial Judo Txapelketa 43.ez antolatu izana; meritu handikoa 170 kirolari biltzea —120 gizon eta 50 emakume—, eta meritu handikoa ere antolakuntzarako hiru klub elkartzea: La Salle, Bidasoa eta Maki Wara. Bihar egingo dute San Martzial Judo Txapelketa Artalekun, eta atzo aurkeztu zuten, kiroldegian bertan; han ziren Irungo Udaleko Kirol Patronatuko presidente Belen Sierra, eta hiru talde antolatzaileetako ordezkariak. Espainiako Estatuko judo txapelketa zaharrena da Irungoa, Senior Mailan egiten diren bietako bat, eta ehun judokatik gora elkartzen dituen bakarra. La Salle, Bidasoa eta Maki Wara judo taldeek antolatzen dute San Martzial Txapelketa. Urtero egiten dute horrela, baina ez da ohikoa, ez kirolean behintzat; bateginik baino, ohikoagoa da kirol klubak elkarren kontra aritzea, eta horregatik iraun du torneoak. “Kirola nola sustatu behar den azaltzeko adibide argia da”, esan zuen atzo aurkezpenean Belen Sierrak. Prestakuntzarako egokia Bihar Artalekun antolatuko dutena maila goreneko txapelketa da, Olinpiar Jokoetarako prestakuntzan zenbait kirolarik hautatutakoa, La Salle klubeko arduradun Esteban Arrillagak azaldu zuenez: “Asteburu honetan Munduko Kopako probak daude, baina judoka askok nahiago izan [...]
Kirolaren arloan gogor eragin du krisi ekonomikoak. Ikusle kopuruak jaitsi egin dira eta erakunde publikoek diru laguntzak murriztu dituzte. Horrek kirol txikiei egin die kalte gehien, judoari esaterako. Horregatik meritu handikoa da bihar San Martzial Judo Txapelketa 43.ez antolatu izana; meritu handikoa 170 kirolari biltzea —120 gizon eta 50 emakume—, eta meritu handikoa ere antolakuntzarako hiru klub elkartzea: La Salle, Bidasoa eta Maki Wara.
Bihar egingo dute San Martzial Judo Txapelketa Artalekun, eta atzo aurkeztu zuten, kiroldegian bertan; han ziren Irungo Udaleko Kirol Patronatuko presidente Belen Sierra, eta hiru talde antolatzaileetako ordezkariak.
Espainiako Estatuko judo txapelketa zaharrena da Irungoa, Senior Mailan egiten diren bietako bat, eta ehun judokatik gora elkartzen dituen bakarra. La Salle, Bidasoa eta Maki Wara judo taldeek antolatzen dute San Martzial Txapelketa. Urtero egiten dute horrela, baina ez da ohikoa, ez kirolean behintzat; bateginik baino, ohikoagoa da kirol klubak elkarren kontra aritzea, eta horregatik iraun du torneoak. “Kirola nola sustatu behar den azaltzeko adibide argia da”, esan zuen atzo aurkezpenean Belen Sierrak.
Prestakuntzarako egokia
Bihar Artalekun antolatuko dutena maila goreneko txapelketa da, Olinpiar Jokoetarako prestakuntzan zenbait kirolarik hautatutakoa, La Salle klubeko arduradun Esteban Arrillagak azaldu zuenez: “Asteburu honetan Munduko Kopako probak daude, baina judoka askok nahiago izan diote Munduko Kopari ezetz esan eta Irunen egon, prestakuntzarako txapelketa egokiagoa delako”.
San Martzial txapelketak lortutako ospea egindako lanaren ordaina da, eta antolatzaileak pozik daude horregatik. “Besteek gauzak ondo egin dituzula pentsatzeak poztasun handia ematen du”, onartu zuen Arrillagak. Federazio askok euren burua eskaintzen dute Irunera etortzeko, deitu beharrik gabe. Horregatik, hasierako urteetan ahalik eta kirolari gehien biltzea bilatzen bazuten, azken ekitaldietan kalitatea bilatzen dute batik bat.
Goi mailako parte hartzea
Datozenen artean bat edo beste aipatzekotan, antolatzaileek euskaldunak, madrildarrak eta frantsesak nabarmendu dituzte.
Euskadiko Federaziotik, esaterako, kirolari bakarra joango da Munduko Kopara, eta beste guztiak Irunen izango dira, horien artean Maider Palavecino hondarribiarra. Kadete Mailako Espainiako txapelduna da Palavecino: Irunen helduekin lehiatuko da.
Espainiako federazio indartsuenak lehiatuko dira Artalekun, baita Europako zenbait selekzio esanguratsu ere: Frantzia, Alemania, Portugal, Errumania, Italia eta Georgia. Argeliako Judo Federaziotik ere ordezkaritza bat etorriko da. “Gure lana pista betetzea da, eta hori egin dugu. Orain harmailak betetzea besterik ez da falta”, gaineratu zuen Esteban Arrillagak.
Goizeko zortziretan agertuko dira judokak Artaleku kiroldegira, pisaketarako. 10:00etan hasiko dira kanporaketak, eguerdira arte. Arratsaldean egingo dituzte azken borrokak, 16:30etik aurrera, brontzerako lehiak aurrena, eta finalak ondoren. 17:00etan bukatuko da lehia, eta sari banaketa egingo dute.