Astelehenetik aurrera isunak jarriko dizkiete Arraunlari kaleko araudia betetzen ez duten auto gidariei
San Pedroko Arraunlari kaleko aparkalekuak egoiliarrentzako gorde ditu Udalak. Orain dela gutxi jarri dute aparkatzeko sistema berria martxan eta azken egunotan egin dituzten neurketak eta azterketak kontuan hartuz hainbat argibide eman nahi izan dit...
San Pedroko Arraunlari kaleko aparkalekuak egoiliarrentzako gorde ditu Udalak. Orain dela gutxi jarri dute aparkatzeko sistema berria martxan eta azken egunotan egin dituzten neurketak eta azterketak kontuan hartuz hainbat argibide eman nahi izan dituzte, “funtzionamendu egokiena bermatu asmoz”. Astelehenetik aurrera (Urriak 3) fase informatiboa amaitutzat eman eta arauak betetzen ez dutenei isuna jartzeari ekingo diotela ohartarazi du udalak. Egoiliarrentzako aparkalekuak, edonola ere, ordutegi mugatua izango du. Hala, astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 08:00etara gordeko diete tokia bertakoei, baina ordutegi horretatik kanpo baimenik ez dutenek ere aparkatu ahal izango dute. Asteburuetan eta jai egunetan, aldiz, bertakoek baino ez.
Esnabide, Morales Oliver plaza, San Pedro, Herriko Plaza, Torreatze, Passaman alarguna, Erreka eta Arraunlari kaleetan erroldatutakoei eta turismoen titularrak diren guztiei emango diete bertan aparkatzeko baimena, baina baimena bertan behera gera daiteke erabilpen okerra eginez gero.
Edozein zalantza argitzeko Udaltzaingoarengana jo daitekeela gogorarazi du Udalak.