Titulurik behar ez dutenek euskara ikasteko aukera dute aurten AEKrekin
Besteak beste, Irungo hizkera ikasteko aukera izango dute Euskara, gure estiloa ikastaro berritzailearekin Euskara modu naturalean ikasteko ikastaroa antolatu dute aurten Irunen, titulu bat lortzea edo maila bat gainditzea helburu ez dutenei zuzendua: Euskara, gure estiloa da bere goiburua eta Joxean Elosegik prestatu du AEKrentzat. Urritik ekainera arte emango dute. Ikastaroan izena emateko epea hilaren 28an bukatuko da, baina Irungo AEK euskaltegiak eskaintzen dituen gainontzeko ikastaroetarako izena emateko aukera bihar itxiko dute. Herri Jakintzan, aldiz, heldu den asteazkenera arteko epea dago. Lehen aldia da AEK-k Euskara, gure estiloa ikastaroa eskaintzen duela. «Iaz Elosegik berak hika ikastaroa eman zuen, baina aurten ikastaro oso bat prestatu du, urte osokoa», azaldu du Enara Zubeldia AEK-ko kideak. Izena ematen dutenek urritik urtarrilera gramatikaren alderdi praktikoa ikasiko dute; otsailetik apirilera bitartean euskal testuaren gaineko lantegia egingo dute; eta maiatzetik ekainera hika ikastaroa emango dute. Ikasleak toka eta noka aritzeko gai izango dira, eta Irungo hizkera ere ezagutzeko aukera izango dute. AEK euskaltegian izena eman nahi dutenak Legia karrikako 6. zenbakitik pasatu daitezke, lanegunetan, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Irunen hiru aukera 2011/2012 ikasturtean euskara ikasi nahi duten irundarrek hiru aukera dituzte: AEKn, Herri Jakintzan eta Udal Euskaltegian izena ematea. Azken horretarako epea asteartean itxi zuten, baina beste bietan oraindik ez. AEKn bihar bukatuko da epea (ikastaro berezirako salbu), eta Herri Jakintzan heldu den asteazkenean. Irunen euskara ikasten dutenek hainbat abantaila dituzte, euskaltegien eta Udaleko Euskara Zerbitzuaren arteko elkarlanari esker. Batetik, beka sistemaren bitartez, matrikularen zati bat jaso dezake ikasleak, %50etik %75era arte, kasuen arabera. Bestetik, eskatzen dutenek [...]
Besteak beste, Irungo hizkera ikasteko aukera izango dute Euskara, gure estiloa ikastaro berritzailearekin
Euskara modu naturalean ikasteko ikastaroa antolatu dute aurten Irunen, titulu bat lortzea edo maila bat gainditzea helburu ez dutenei zuzendua: Euskara, gure estiloa da bere goiburua eta Joxean Elosegik prestatu du AEKrentzat. Urritik ekainera arte emango dute. Ikastaroan izena emateko epea hilaren 28an bukatuko da, baina Irungo AEK euskaltegiak eskaintzen dituen gainontzeko ikastaroetarako izena emateko aukera bihar itxiko dute. Herri Jakintzan, aldiz, heldu den asteazkenera arteko epea dago.
Lehen aldia da AEK-k Euskara, gure estiloa ikastaroa eskaintzen duela. «Iaz Elosegik berak hika ikastaroa eman zuen, baina aurten ikastaro oso bat prestatu du, urte osokoa», azaldu du Enara Zubeldia AEK-ko kideak. Izena ematen dutenek urritik urtarrilera gramatikaren alderdi praktikoa ikasiko dute; otsailetik apirilera bitartean euskal testuaren gaineko lantegia egingo dute; eta maiatzetik ekainera hika ikastaroa emango dute. Ikasleak toka eta noka aritzeko gai izango dira, eta Irungo hizkera ere ezagutzeko aukera izango dute. AEK euskaltegian izena eman nahi dutenak Legia karrikako 6. zenbakitik pasatu daitezke, lanegunetan, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
Irunen hiru aukera
2011/2012 ikasturtean euskara ikasi nahi duten irundarrek hiru aukera dituzte: AEKn, Herri Jakintzan eta Udal Euskaltegian izena ematea. Azken horretarako epea asteartean itxi zuten, baina beste bietan oraindik ez. AEKn bihar bukatuko da epea (ikastaro berezirako salbu), eta Herri Jakintzan heldu den asteazkenean.
Irunen euskara ikasten dutenek hainbat abantaila dituzte, euskaltegien eta Udaleko Euskara Zerbitzuaren arteko elkarlanari esker. Batetik, beka sistemaren bitartez, matrikularen zati bat jaso dezake ikasleak, %50etik %75era arte, kasuen arabera.
Bestetik, eskatzen dutenek Euskara Ikaslearen Txartela jasoko dute, euskarazko produktuak erosterakoan deskontuak izateko baliagarri dena; besteak beste, OARSOBIDASOKOHITZA eta Berria egunkarien harpidetzak merkeagoak dira Euskara Ikaslearen Txartelarekin. Euskaltegian bertan eska daiteke bete beharreko orria.
Gainera, udalak eta Irun Iruten Euskara Elkarteak, Mintzalaguna zerbitzua abian dute 2007tik; euskaldun zaharrak eta euskara ikasleak elkartzen dituen ekimena da. Iaz, 25 mintzalagunek eta 89 mintzakidek parte hartu zuten. Aurten, bi kopuruek gora egiten jarraitzea espero dute (interesdunek 943 63 55 96 telefono zenbakira dei dezakete).

