Kirol ikastaroak probatzeko aukera
Errenteriako kirol patronatutik jakinarazi dutenez, datorren ikasturtean emango dituzten kirol ikastaroak probatzeko aukera izango da Galtzarabordako kiroldegian datozen asteotan. Eskaintza Galtzarabordako kiroldegiko bazkide direnei zein Errenteria-Or...
Errenteriako kirol patronatutik jakinarazi dutenez, datorren ikasturtean emango dituzten kirol ikastaroak probatzeko aukera izango da Galtzarabordako kiroldegian datozen asteotan. Eskaintza Galtzarabordako kiroldegiko bazkide direnei zein Errenteria-Oreretako biztanle guztiei dago zuzenduta. Asmoa da 2011-2012 denboraldira begira antolatu diren ikastaro eta jarduera zuzenduen berri eman eta horiek probatzeko aukera ematea.
Ekimen hori bi astez egongo da martxan, hilaren 19tik 30era, eta egunero hainbat eskola emango dituzte, 45 minutukoa bakoitza, goizez eta arratsaldez. Patronatutik azaldu dute doakoak izango direla proba ikastaro horiek, eta ez dela beharrezkoa aurretik izena ematea. Hori bai, zehaztu dute tokia mugatua izango dela. Eguneko plangintza osoa patronatuaren webgunean ikus daiteke. Informazio gehiago behar duenak, berriz, 943 44 96 90 telefono zenbakira dei dezake.