Gaikako bilketa indartzea du helburu San Markoko Zuzendaritza berriak
Udalak berritzearekin batera, ordezkaritza duten erakundeak ere berritzen hasi dira. Horrela, Donostialdeko eta Oarsoaldeko zaborra kudeatzen duen San Marko Mankomunitatearen zuzendaritza berria hautatu dute. Zuzendaritzako kargu guztiak Bilduren esku geratu dira, eta Hernanin zinegotzi den Beñat Amenabar izango da mankomunitatearen lehendakaria. Lehendakari ordea Nerea Sanchez lasartearra izango da, eta gordetzailea, berriz, Andoni Gartzia Astigarragako alkatea izango da. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko ordezkariak ere hautatu zituzten. Amenabar eta Sanchez izango dira. Hirugarren ordezkaria, berriz, Usurbilgo zinegotzi Jose Maria Rivadeneyra izango da. Pasa den legegintzaldian —Juan Carlos Merinok kargua hartu zuen arte— egindako lana jarraitzea du helburu zuzendaritza berriak. “Eredu alternatibo bat bultzatu zuten, ingurugiroa eta herritarren osasuna errespetatzen zuena. Gainera, urtetan eramandako kudeaketa eredua okerra izan zela argi geratu zen”, esan du Amenabarrek. Zabor kopurua gutxitzeko neurriak aztertuko dituztela zehaztu du, “eta hortik aurrera ahalik eta zabor gehien birziklatu behar da”. Egun sortzen den zaborraren %90 birziklatu daitekeela gaineratu du, eta portzentaje hori handitzea da euren helburua. Pasa den maiatzean herritarrek politika “beste modu batean” egitea hautatu zutela esan du, parte hartzea gehiago eskatuz.