Osakako marka hobetzen saiatuko da Odriozola etzi Korean
Mikel Odriozola Munduko Txapelketan izango da Korean
Mikel Odriozola ibilketaria Daegun (Hego Korea) egiten ari diren Atletismoko Munduko Txapelketan parte hartuko du etzi goizaldeko 1:00ean.
Errenteriako ibilketariak 50 kilometro ibilketa proban hartuko du parte eta “Osakan, 2007ko Munduko Txapelketan lortutako postua berdintzen eta ahal badu hobetzen saiatuko da”, azaldu dute EAT Errenteriako Atletismo Taldeko arduradunek.
Odriozolak zazpigarrenez hartuko du parte Atletismoko Munduko Txapelketan eta 2007 urtean Osakan (Japonian) jokatutakoan inoiz Munduko Txapelketa batean lortu duen posturik onena eskuratu zuen, seigarrena, hain zuzen ere.
Prestaketa gogorra
Odriozolak prestaketa gogorra egin du Daeguko Atletismoko Mundu Txapelketara joan aurretik EATk azaldu duenez. Sierra Nevadan (Granada, Espainia), Benasquen ( Huesca, Espainia), eta Mallorcan (Herrialde Katalanak) egindako topaketetan hartu du parte. «Mallorkakoa, Korean aurkituko dituen bero eta hezetasun mailara egokitzeko baliatu du», azaldu dute EATko arduradunek.
Pantaila erraldoia jarraitzeko
Errenteriako ibilketariaren lana jarraitzeko eta animatzeko deia egin die herritarrei EATk. Horretarako, Gabierrota auzoko Bi-Errota elkartearekin batera 50 kilometro ibilketa proba zuzenean ikusteko pantaila erraldoia jarriko du atletismo taldeak elkarte horretan.
Proba zuzenean jarraitu eta Odriozola animatu nahi dutenek beraz, aukera izango dute eta horretarako hitzordua bihar 00:00etan egin dute atletismo taldekoek Bi- Errota elkartean.
EATren denboraldi berria
Bestalde, EATk hilaren 23an denboraldi berriaren aurkezpena egingo du Mikel Odriozola Estadioan. Atletismo taldean parte hartzeko izena eman ahalko dute egun horretan interesdunek. Halaber, entrenamendu egunak eta orduak zehaztuko dituzte.
Aurreko ikasturtean atletismo eskolako kide izandakoei, lasterketetan erabilitako elkarteko kamiseta eramateko eskatu diete EATkoek, «guztien argazkia egin nahi baitugu denboraldi berria aurkeztko unean».


