Errenteriako udal artxiboak funts historikoak digitalizatzeari ekin dio
Funts historikoa digitalizatuko du udal artxiboak
Udal artxiboa funts historikoak digitalizatzen hasi da. Egitasmoaren bidez, segurtasun kopia sortzearekin batera “agiri horien zabalkundea eta kontsulatutu nahi den idatziaren erabilera erraztuko dituela” azaldu du udal artxiboko arduradunak.
Digitalizazioaren lehenengo zatian XIII. eta XVI. mendeen arteko agiriekin egingo dute lan. Digitalizazioa udal artxiboan bertan egingo dute “horrela ez dugu hemendik atera beharko berez oso sentsibleak diren agiriak” zehaztu du.
Egitasmoaren lehenengo zati hori burutzeko, “Eusko jaurlaritzako Kultura Sailak izaera historikoa duten funts dokumentalen sailkapena egiteko aurreikusia duen diru zatitik 5.500 euro jaso ditugu, eta bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dugu” azaldu du udal artxiboko arduradunak.
Argazki zaharren sailkapena
Halaber, Errenteria-Oreretako argazkien sailkapen eta digitalizazio lanekin jarraitzen dutela zehaztu du artxiboko arduradunak: “amaitu berri dugun lehenengo fasean herriaren garai bateko bizitza kulturala eta soziala erakusten duten 2.100 argazki digitalizatu ditugu. Horretaz gain, urte honetan zehar, argazki basea handituko duten bi digitalizadore berri izango” dituztela aurreratu du.
Argazki bilduma gehienbat udal artxiboak berak urteetan zehar editatu dituen argazkiekin osatuta badago ere “herritarrek emandakoak ere baditugu, tartean, Zarranz argazkilaria zenak emandakoak”.
Horren harira artxiboko arduradunak deia luzatu die argazkiak dituzten herritarrei “gustura jasoko ditugu ekarritako argazki guztiak, herriaren ondare historikoa aberastuko baitute”.