Iñaki Gracia espetxera bidali du Ruz epaileak
Pablo Ruz epaileak espetxera bidali du Iñaki Gracia oreretarra. Gaur goizean pasatu da epailearen aurretik, eta honek behin-behinean espetxeratzea erabaki du Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioaren bahiketan parte hartu zuelakoan. Fiskalak ...
Pablo Ruz epaileak espetxera bidali du Iñaki Gracia oreretarra. Gaur goizean pasatu da epailearen aurretik, eta honek behin-behinean espetxeratzea erabaki du Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioaren bahiketan parte hartu zuelakoan. Fiskalak ere badaezpadako espetxeratzea eskatu du Graciarentzat.
Efe agentziak eman du horren berri, eta gaineratu du Graciak ez duela deklaratu nahi izan eta hogei bat minutuz eduki dutela aretoan. Ainhoa Baglietto abokatuak hura aske uzteko eskatu du.
Atzo atxilotu zuten Gracia Behobian. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak eman zuen atxiloketa agindua, Guardia Zibilaren informaziotan oinarrituta, eta Dignidad y Justicia elkartearen kereilaren ondorioz.
Elkarretaratzea
Atzo arratsaldean bertan elkarretaratzea egin zuten 300 lagun inguruk atxiloketa hori salatzeko. Horiekin batera, Oreretako Amnistiaren Aldeko Mugimendutik ere gogor salatu dute atxiloketa hori, eta prozesu politiko berriaren aurrean PSOEk duen jarrera kritikatu dute: “Normalizazio politikoaren bidea eten nahi du, eta errepresioaren bidez prozesu demokratikoa oztopatu nahi du”.
Biharko ere elkarretaratzea antolatu dute. 19:30etan bilduko dira PSE-EEren egoitzaren aurrean.
Iñaki Gracia joan den urteko apirilaren 28an aske gelditu zen, Frantziako Estatuan zortzi urtez espetxean egon ondoren, eta beste bi urtez Espainiako espetxeetan. ETAko kide izatea leporatu zioten 2000ko irailaren 15ean Bidarten (Lapurdi) atxilotu zutenean.