‘Korrika’ antolatzeko batzordea bihar Olagarro elkartean
Apirilaren 7an Trebiñutik abiatuko den eta hil horren 17an Donostiara iritsiko den Korrika antolatzeko laguntza behar du AEK-k eta horretarako, bi urtero ohi duen bezala, herri edo eskualde batzordeak antolatzen hasi dira. Bihar asteartean bilduko da aurrenekoz Hondarribikoa, Olagarro elkartean, 19:30ean.
Apirilaren 7an Trebiñutik abiatuko den eta hil horren 17an Donostiara iritsiko den Korrika antolatzeko laguntza behar du AEK-k, eta horretarako herri edo eskualde batzordeak antolatzen hasi dira. Bihar asteartean bilduko da aurrenekoz Hondarribikoa, Olagarro elkartean, 19:30ean. Bi urtetik behin egiten den euskararen aldeko korrikaldiak apirilaren 12-13ko gaualdian zeharkatuko du gure eskualdea.
Deitzaileek ezagutzera eman dutenez, “bertan Korrika 17-ren nondik norakoak eta gure eskualdean egingo direnak ezagutzeko aukera izango da, eta horrela nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berdinak ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etortzeko eskatzen diogu jendeari. Bakoitzak bertan entzundakoaren arabera erabakiko du gero bere ekarpena zein izan daitekeen”.
Euskararen aldeko lasterketako Behe Bidasoko arduradun Mattin Sorzabalberek gogoratu du “Korrikaren helburuak bete daitezen guztion ekarpena eta ahalegina beharrezkoak” direla: “Denon parte hartzearekin lortuko dugu Euskal Herri euskalduna, eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Trebiñutik Donostiaraino. Ahalegin horretan, apirilaren 12-13ko gauean, eskualdetik pasatzen denean laguntza guztia estimagarria izango da dudarik gabe”.

