2007 errekor urtea izan bazen, 2010ak balantze negatiboa dakar Hondarribiko aireportuarentzat. Hirugarren urtez jarraian, bidaiarien kopuruak behera egin du, eta azken 12 hilabeteetan ia 30.000 bidaiari galdu dituzte. Egoera ekonomikoa dela eta, edota ...
2007 errekor urtea izan bazen, 2010ak balantze negatiboa dakar Hondarribiko aireportuarentzat. Hirugarren urtez jarraian, bidaiarien kopuruak behera egin du, eta azken 12 hilabeteetan ia 30.000 bidaiari galdu dituzte. Egoera ekonomikoa dela eta, edota inguruko aireportuek eskaintza zabalagoa aurkezten dutenez, Hondarribikoak behera egin du beste behin.
Afodesak, Hondarribiko Aireportuaren Garapen eta Sustapenerako Elkarteak, azpiegiturak aurrera jarraitzeko erantzukizuna eskatu die euskal erakundeei. Izan ere, %30,8 jaitsi da bidaiarien kopurua Hondarribian, azken bi urteetan. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, inguruko aireportuak berritzen ari diren bitartean, Hondarribikoa geldirik dagoela adierazi nahi izan dute, eta hobekuntzarik egiten ez dituztela gehitu dute. 2009an, Hondarribiko aireportuaren bidaiarien kopurua %21,8 jaitsi zen, eta 2010ean kopurua ez dute hobetu, izan ere azken urte honetan %9a jaitsi egin da, eta azken bi urtetako jaitsiera ondorioz %30,8koa izan da.
Adofesako ordezkari berriak, Gabi Solak, erakundeen «utzikeria» salatu du, izan ere, Loiuko (Bizkaia) eta Biarritzeko (Frantzia) aireportutara zuzeneko autobusak diruz laguntzen dituzte, Hondarribiko aireportura iristeko autobusik ez dagoen bitartean. Afodesaren esanetan, Gipuzkoako hegaldien eskaria handiagoa da eskaintza baino, ondorioz, Hondarribiko aireportuak bidaiariak galtzen dituen bitartean, ingurukoetan kopurua handituz doa. «Aireportuaren egoera dela eta, ez dute egia esan» eta Solak azaldu duenez, Gipuzkoako aire garraioa bateragarria izango da Abiadura Handiko Trenarekin.