Etxazarretari garaipena eskaini zion Leka-Eneak
Leka-Enea mahai tenis taldeak garaipen erreza eskuratu zuen larunbatean superdibisioko 11. jardunaldian, Termotur Calellaren aurka (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Hirubiden jokatutako lehian (3-0). Horrela, Sonia Etxazarretari prestatutako omenaldia ...
Leka-Enea mahai tenis taldeak garaipen erreza eskuratu zuen larunbatean superdibisioko 11. jardunaldian, Termotur Calellaren aurka (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Hirubiden jokatutako lehian (3-0). Horrela, Sonia Etxazarretari prestatutako omenaldia borobildu zuten irundarrek. Inoiz Euskal Herrian egon den mahai-tenis jokalaririk hoberena izandakoa hilaren 8an hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz. Beste hainbat lorpenen artean, Leka-Eneako emakumezkoen taldeak ohorezko mailara eta superdibisiora lortutako igoeretan parte hartu zuen Etxazarretak.
Asteburuko garaipenari esker seigarren tokian segitzen dute irundarrek, 14 punturekin bosgarrenarekin berdinduta, Arteal Santiagorekin, eta dagoeneko zazpigarrenari eta zortzigarrenari 6 puntuko aldea ateratzen diote. Liga erregularreko bigarren itzuliaren faltan, heldu den denboraldian Europan jokatzeko aukera ematen duten lehen sei postuetako bat eskuan du Leka-Eneak. Datorren asteburuan partidarik irabazi gabe dagoen Granadak bisitatuko du Hirubide. Hortaz, sailkapenean gora egiteko aukera paregabea.
Nesken porrota
Garaipena erdietsi ezin izan zutenak neskak izan ziren, hauek ere Calellaren aurka, baina igandean. Azken emaitzak bartzelonarren nagusitasuna islatzen du (1-4). Jeitsiera postuak bi puntu eskasera ditu orain Leka-Eneako emakumezkoen taldeak.