Gernikako akordioari buruzko Donostiako ekimenerako deia egin dute
Eguerdian izango da Kursaalean; herriko eragileek deia egin dute ekimenean parte hartzeko
Gernikako akordioa ipar orratz hartuta, Oiartzungo hainbat eragilek (ondoko koadroan) deia egin diete herritarrei larunbatean Donostian egingo duten ekimenean parte hartzeko. 12:00etan izango da Kursaalean.
2010eko irailaren 25ean, Gernikan, Bake Bidean Aterabide Demokratikoen Akordioa izeneko hitzarmena sinatu zuten Euskal Herriko hainbat eragile sozialek, politikok eta sindikalek.
Han, «gatazka politikoa eta armatua aterabide demokratikoetara eraman ahal izateko normalizazio politikorako zenbait konpromiso» hartu zituzten eragileek euren gain.
Gogorarazi zutenez, «Euskal Herrian urte luzeetako gatazka politiko eta armatua dugu eguneroko ogi. Espainiako Estatuak eta Frantziako Estatuak gure herriarekiko duten ukazio eta asimilazio politika gatazkaren iturburu duena eta herritarron eta eragileen jarduera politikoa erro errotik baldintzatzen duen gatazka». Akordioak hori gainditzea du helburu.
Lanean ari dira hura sinatu zuten eragileak. Ordutik, gertakari eta pausoak eman dituzte sinatzaileak ez diren eragileak ere. Pauso horietan kokatu dute ETA erakunde armatuak egindako jakinarazpena ere. «Pauso hori bultzada izango dela ziur gaude, horregatik, gainontzeko eragileak ere akordiora lotu daitezen deia egin nahi diegu», nabarmendu dute. Jendarteari akordioa ezagutarazi nahi diote eta horretarako ekimenetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Lehenengo urratsa larunbatean egingo dute Kursaalean.
Oiartzungo deitzaileak:
- Aralar.
- Eusko Alkartasuna.
- Ezker abertzalea.
- ESK.
- LAB.
- Amnistiaren Aldeko Mugimendua.
- Etxerat.
- Gazte Independentistak.
- Ikasle Abertzaleak.