4000tik gora sinadura Olaberriaren defentsan
Urtarrilaren 20an amaitzen da Eusko Jaurlaritzak Donostialdea-Behe Bidasoarako prestatu duen Zatikako Lurralde Planari (ZLP) alegazioak aurkezteko epea. Dagoeneko 4000tik gora dira aurkeztutako zuzenketak, eta kopuru horri asteburuan bildutakoak gehitu behar zaizkio. Iraun herritar taldeak informazio mahai bana jarri zituen larunbatean Mendibil merkatal gunean eta Urdanibia plazan, azokaren orduan.
Urtarrilaren 20an amaitzen da Eusko Jaurlaritzak Donostialdea-Behe Bidasoarako prestatu duen Zatikako Lurralde Planari (ZLP) alegazioak aurkezteko epea. Dagoeneko 4000tik gora dira aurkeztutako zuzenketak, eta kopuru horri asteburuan bildutakoak gehitu behar zaizkio. Izan ere, Iraun herritar taldeak informazio mahai bana jarri zituen larunbatean Mendibil merkatal gunean eta Urdanibia plazan, azokaren orduan. ZLP-ak Olaberria eta Meaka auzoetan izango lukeen eraginaz ohartarazi nahi du Iraunek: “Beste egitasmo batzuen artean, 6 erraiko autobide berri baten eraikuntza aurreikusten du, Irugurutzetako labeak, zeharkatuz eta Aiako Harriko natur parkearen ondo-ondotik”.
Talde honen ustez, Jaurlaritzaren asmoa Olaberriako jarduera ekonomikoak beste batzuengatik ordezkatzea da. “Jarduera ekonomikoetarako erabili nahi dute, nekazaritzarekin, abeltzantzarekin eta aisialdiarekin loturikoak jarduera ekonomikoak ez bailiran, eta bertan plataforma logistiko bat eta zentral termiko berria eraiki, Pasaiako zentral termikoa ordezkatuko duena”, adierazi dute Iraungo kideek ohar bidez. Horregatik, Hondarribiko eta Irungo herritarrei dei egin diete, “azpiegitura hauek geldiarazteko eta gure landa ingurunea babesteko euren ekarpena” egin dezaten.