‘Piztu itxaropena’ janari bilketa egingo dute Sahararen alde
El Watan elkarteak bat egin du VII. Euskal Karabanaren ekimenarekin; etzi hasiko dira bilketarekin
El Watan Oiartzungo elkarteak bat egin du aurten ere VII. Euskal Karabanarekin eta Piztu itxaropena janari bilketa kanpainarekin. Etzi hasiko dira janari bilketarekin. Ohiko lekuetan egingo dute. Batetik, herriko ikastetxeetan, Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan, alegia, urtarrila osoan zehar. Bestetik, Alcampo merkatalgunean, etzi eta etzidamu, eta datorren asteko ostiralean eta larunbatean (hilaren 21ean eta 22an). Herriko beste merkatalguneak, Carrefourrek, jadanik janari ekarpena egin du.
Kanpainarekin, bidenabar, Marokoko Gobernuak Saharako lurralde okupatuetan eginiko sarraskia eta hilketak eta Espainiako Gobernuaren isiltasuna salatu nahi dituztela gogorarazi dute El Watanetik. Nabarmendu dutenez, egoerak horrelakoa izaten jarraitzen duelako egin behar dute aurten ere janari bilketa.
Ekimen hori guztia ondo bideratzeko oiartzuarren laguntza beharrezkoa dela ohartarazi dute El Watan elkartetik.