Elirale taldeak entsegu publikoa egingo du etzi
Elirale dantza taldeak entsegu publikoa egingo du, etzi, 17:30etik aurrera, Niessen kulturguneko bigarren solairuko entsegu gelan. Kukai dantza konpainiak sustatuko ekimena da. Hain zuzen Udalaren eta dantza konpainiaren arteko lankidetza hitzarmenaren...
Elirale dantza taldeak entsegu publikoa egingo du, etzi, 17:30etik aurrera, Niessen kulturguneko bigarren solairuko entsegu gelan.
Kukai dantza konpainiak sustatuko ekimena da. Hain zuzen Udalaren eta dantza konpainiaren arteko lankidetza hitzarmenaren harira ekarriko du Kukaik dantza talde lapurtarra.
Hala, bertaratzen direnek Ninika azken lana nola prestatzen duten ikusteko aukera izango dute etzi. Hona hemen Eliralekoek ikuskizunaz egin duten laburpena: “Neguaren zuria, gorria sutan dagoelako… Ninika (edo ernamuina) gorputzari jantziaren eta mugimenduaren bitartez egindako oda bat da. Txikiek nahiz handiek sentsualitate une indartsu bat partekatuko dute ikuskizun honekin”.
Ikuskizunera joateko, baina, aurretik izena eman beharko da. Nahi duenak, dantza@kukai.info helbidera elektronikora idatzi beharko du.
Dantzariak
Hiru dantzarik parte hartuko dute ikuskizunean: Lorentxa Iturraldek, Vivien Ingramsek eta Jose Cazaubonek. Eliraletik jakinarazi dutenez, “ohiko euskal mintzaira koreografikoa eta adierazpen garaikidea” uztartzen dituen lana da. Gaineratu dutenez, 40 minutuko iraupena izango du eta hiru urtetik gorako haurrei zuzenduta dago.
2011ko martxoan hasiko dira Ninika lan berria Hego Euskal Herrian aurkezten. Guztira, hamar emanaldi dituzte aurreikusita, martxoaren 14tik 20ra bitartean.