Ttur-tturren eskutik, neguko merkealdia ere euskaraz iragartzeko aukera
Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Ttur-tturren; laguntza eskatzeko aukera dute herriko merkatariek
Neguko merkealdiaren baitan, eta azken urteetako legez, merkatariei eskaintza berezia egin die Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak. Hala, merkealdia euskaraz iragartzeko laguntza izango dute herriko merkatariek. Merkealdia, ofizialki, hilaren 7an hasiko da (etzidamu, ostiralean).
Ttur-tturretik gogorarazi dutenez, «merkatariek merkealdi garaian idatzizko ohar berriak erakutsi behar izaten dituzte eta horiek euskaraz izateko hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu (ondoko koadroan).
Horiek ezagutarazteko, merkealdia jarri ohi duten dendei gutuna bidali diete. Horiek erantzunda, laguntza eskaera egin dezakete merkatariek. Ttur-tturretik jakinarazi dutenez, ari dira laguntza eskaerak jasotzen.
Hala ere, ohartarazi dutenez, baliteke norbaitek gutuna jaso ez izana, edo jaso eta erantzun ez izana. Ttur-tturretik nabarmendu dute merkatariak oraindik garaiz dabiltzala neguko merkealdirako behar duten laguntza eskatzeko eta horretara animatu dituzte.
Dohainik
Ttur-tturrek eskainitako zerbitzuak doan jaso ditzakete herriko merkatariek, baina ez bakarrik merkealdi garaian. Urte osoan zehar laguntza eskaerak egin ditzaketela gogorarazi dute Ttur-tturreko kideek..
Eskaerak egiteko edo informazio gehiago eskatzeko, Ttur-tturrekin jarri behar duten harremanetan interesdunek: telefonoz, 943 26 01 82 zenbakian; posta elektronikoaren bidez, tturttur.oiartzun@gmail.com helbidean, edo aurrez aurre, Fermiñene etxean, Aialde kaleko bigarren zenbakian, lehenengo solairuan.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenaren harira dago indarrean Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa.
Egitasmo horren barruan kokatzen da merkealdi garaian merkatariei egiten dieten eskaintza berezia.
Zerbitzuak
- Merkealdia idatzita duten tirak (eskaparatean jartzeko).
- Eskaintzak idatzita duten kartelak (1m x 70cm).
- Lehen/Orain txartelak (prezio zaharra eta berria adierazteko).
- Ehunekoen txartelak: %50, %30…
- Jendaurrean jartzeko edozein ohar euskarara itzultzen edo zuzentzen dute.
- Baleak (txartelak) egiteko taloitegiak.
- Fakturak, emate-agiriak (albaranak), ordainagiriak egiteko taloitegiak.