Zaratak ez du isilduko Olibet auzoa
Olibeteko auzotarrek urteak daramatzate inork desiratzen ez duen bizilagun batekin bizitzen: zaratarekin. Alde batetik eta bestetik daukate zarata eta horrek arazo ugari sortzen dizkie, batik bat lo egiteko garaian. Aspaldian ixilik egon dira auzotarrak, baina azken aldian, zarata egon arren, entzuten ari zaie, bertako Zuhaitza auzo elkartea biziberritu egin baita. Apiriletik herritar talde bat bi astean behin elkartzen ari da eurek detektatzen dituzten arazoak eztabaidatu eta dagokion tokian salatzen. Horrez gain, orain bi helburu nagusi dituzte. Batetik, aldizkari bat egin nahi dute auzoan gertatzen diren gauzen berri emateko, eta bestetik, berriz, kanpaina bat aurrera eramatea, auzotarrak eta herritarrak sentsibilizatzeko, “atseden hartzea eskubide bat delako”, adierazi du Luis Saiz elkarteko ordezkarietako batek. Bizi duten egoerak ere bizitza kalitatean eragina daukala ere gaineratu du. Urteak daramatzate horrela eta dagoeneko kokoteraino daude zarata jasatearekin. Zarata iturri ugari dituzte auzoan. Batzuk aspaldikoak dira, esate baterako, Papresa. Saizen esanetan, lantegia martxan jarri zutenetik ari da zarata ateratzen, baina urte guzti hauetan ez dute ezer egin soinua murrizteko. Gainera, duela urte asko ez direla makina berri bat jarri zutelako Papresak oraindik eta zarata gehiago ateratzen duela jakinarazi du. Papresaren jarrera handiustetzat jo du. Beste iturri ohiko bat trenarena da. Auzotik bertatik pasatzen da trenbidea eta egunez [...]
Olibeteko auzotarrek urteak daramatzate inork desiratzen ez duen bizilagun batekin bizitzen: zaratarekin. Alde batetik eta bestetik daukate zarata eta horrek arazo ugari sortzen dizkie, batik bat lo egiteko garaian. Aspaldian ixilik egon dira auzotarrak, baina azken aldian, zarata egon arren, entzuten ari zaie, bertako Zuhaitza auzo elkartea biziberritu egin baita.
Apiriletik herritar talde bat bi astean behin elkartzen ari da eurek detektatzen dituzten arazoak eztabaidatu eta dagokion tokian salatzen. Horrez gain, orain bi helburu nagusi dituzte. Batetik, aldizkari bat egin nahi dute auzoan gertatzen diren gauzen berri emateko, eta bestetik, berriz, kanpaina bat aurrera eramatea, auzotarrak eta herritarrak sentsibilizatzeko, “atseden hartzea eskubide bat delako”, adierazi du Luis Saiz elkarteko ordezkarietako batek. Bizi duten egoerak ere bizitza kalitatean eragina daukala ere gaineratu du.
Urteak daramatzate horrela eta dagoeneko kokoteraino daude zarata jasatearekin. Zarata iturri ugari dituzte auzoan. Batzuk aspaldikoak dira, esate baterako, Papresa. Saizen esanetan, lantegia martxan jarri zutenetik ari da zarata ateratzen, baina urte guzti hauetan ez dute ezer egin soinua murrizteko. Gainera, duela urte asko ez direla makina berri bat jarri zutelako Papresak oraindik eta zarata gehiago ateratzen duela jakinarazi du. Papresaren jarrera handiustetzat jo du.
Beste iturri ohiko bat trenarena da. Auzotik bertatik pasatzen da trenbidea eta egunez eta gauez eragiten die zaratak: egunez batik bat pertsonen garraioaren eraginez, eta gauez, merkantziarenaren eraginez. N-1 errepidea da beste iturrietako bat, eta baita N-1 errepide zaharraren desbideratzea ere. Saizen arabera, oraindik jende askok erabiltzen du saihesbide hori.
Duela ez urte askotik, ordea, beste zarata iturri bat batu zaie aipatutakoei: gazteen lokalak. Saizek azaldu duenez, herrian zabalduta daude, baina Olibeten kasuan lokal guztiak gune jakin batean biltzen dira, eta horrek egungo zarata areagotzen du. Gainera, modu batean lokal horretan soinua ateratzea ulertzen duen arren, erabilpena erregulatu beharko litzatekeela uste du, batik bat zarataren ikuspegitik: “Atseden hartzeko eskubidea, aisiaren gainetik dago”, esan du.
Hala, zaratari “nahikoa da” esateko garaia dela iritzi dio Zuhaitza elkarteak, eta ekintzetara pasatzea erabaki du. Hala, behin baino gehiagotan saiatu dira Udalarekin hitz egiten, eta biltzeko bost saiakera egin ondoren, abuztuan lortu zuten hitz egitea lehen aldiz. Bi orduko bileraren ostean, baina, ez zuten ezer lortu.
Halaber, Udalak “erabateko utzikeria” duela eta auzotarrak “babesik gabe” utzi dituela iritzi dio Saizek, ez baitu zarataren kontrako neurririk hartu urte guzti hauetan, “nahiz eta hori egiteko betebeharra duen Agenda 21en arabera”. Hala nola, zarata mailan industria, ostalaritza eta merkataritza jarduerak kontrolatzea biltzen du, eta erdialdetik industria guneak urruntzea.
Saizek gogorarazi du Niessen (udaletxetik 224 metrora) eta Esmalteria (udaletxetik 161 metrora) lantegiak kendu zituztela azken betebehar horri jarraituz, baina ez dela berdin gertatzen udaletxetik 179 metrora dagoen Papresarekin.
Udalaren saiakera antzua izan zenez, udal talde guztiak bilera bat egitera deitu zituzten pasa den azaroaren 26rako. Bilera hori ere ez zen egin, talde bakar batek ere ez zuelako joan ahal izan. Zuhaitzatik adierazi dutenez, bi talderen erantzuna soilik jaso dute, ezker abertzalearena eta Ezker Batuarena, eta biek bilkurara ezin joan izanaren arrazoiak azaldu dizkiete. Gainontzeko taldeak isilik geratu izana “iraina” dela iritzi diote. Edonola ere, seguraski beste bilera baterako deia egingo dutela jakinarazi dute auzo elkartekoek.
Proposamenak
Bidean zailtasun ugari dituzten arren, arazoari buelta ematea posible ikusten dute auzo elkartetik, eta proposamen argiak aurkeztu dituzte. Papresari dagokionez, legea “zehatz-mehatz” betetzea. Zuhaitzako ordezkariaren arabera, badago nahikoa teknologia zarata saihesteko eta garestiak badira ere, horiek eskuratzea beharrezkotzat jo du. N-1 errepideko trafiko desbideraketari dagokienez, erabilera murriztea proposatu du bakarrik bertakoentzat izateko.
N-1 eta trenbidearen kasuan, panel akustikoak jartzea eskatu du. Saizek gogorarazi du duela urte batzuk Udalak aukera izan zuen arazo horri irtenbidea jartzeko (Foru Aldundiaren ekimenez), baina ez zuela egin.
Lokalei dagokienez, berriz, jarduera erregulatzea eskatu dute Zuhaitza elkartetik eta hori dagokion modura aplikatzea. Hori, hala ere, Udalarentzako “lana” dela iritzi dio, martxan jarri diren azken sei-zazpi urteetan ez baitu hori erregulatzeko neurririk jarri martxan.
Oro har, baina, erantzukizunez jokatzea eskatu diote Zuhaitzatik Udalari, auzoan izan dituzten beste arazo batzuekin (esate baterako, hiru hilabetetik gorako obra luzeak edo gaueko garraioa) ez baitu ongi jokatu.
Bizilagunen, politikoen eta herritar ororen eskura posta elektroniko bat jarri dute martxan auzo elkartekoek eurekin harremanetan jarri ahal izateko: zuahitza.aavv@gmail.com.