Xabier Leteri azken agurra
Gogor astindu du Euskal Herriko kultura Xabier Lete hil izanak. Alor horretako eragileek sortzaile oiartzuarra joan delako samina agertu dute, eta egunotan etengabe egiten ari dira Leteren aldeko ekimenak. Horien baitan ezinbestekoa zen Durangoko Euska...
Gogor astindu du Euskal Herriko kultura Xabier Lete hil izanak. Alor horretako eragileek sortzaile oiartzuarra joan delako samina agertu dute, eta egunotan etengabe egiten ari dira Leteren aldeko ekimenak. Horien baitan ezinbestekoa zen Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokan (Bizkaian) Letek merezi duen tartea izatea. Hala izan da.
Izan ere, inoiz baino ozenago entzun dira Leteren kantak Durango aldean egunotan. Bere diskoak eta liburuak ere erosten ari dira euskal kulturaren maitaleak, eta Landakoko pabilioiaren sarreran, azokaren sarreran, oiartzuarraren argazki handia jarri dute, hura gogoan izateko.
Gaur itxiko ditu ateak Durangoko azokak. Salmentak salmenta, Xabier Leteren heriotzarekin bat egin duelako gogoratuko dute askok azoka.
Azken agurra
Atzo egin zuten Urnietako elizan Xabier Leteren aldeko hileta elizkizuna. Herenegun eguerdian, berriz, sortzailearen gorpua erraustu zuten Donostiako Polloen: errautsak Urnietako hilerrian lurperatu zituzten, bere emazte Lourdes Iriondorenen ondoan. Emozioa, samina, tristura, eta egindako lanaren aitormena izan ziren nagusi ekitaldi horietan, eta Leteren hurbilekoek esker hitzak izan zituzten oiartzuarrak egin zuen lanagatik, lan horrek izan duen eraginagatik, eta izango duen oihartzunagatik.