Xenpelar Sariko finaleko taldea Barrosok eta Casabalek osatuko dute
Bertsolari gazteen Xenpelar Sariko azken kanporaketa ostiralean jokatu zen, eta bertan beste bi bertsolari sailkatu ziren final handirako: Odei Barroso eta Haritz Casabal. Final handia, hain zuzen, bihar izango da Errenteria Hiria Kulturgunean, 18:00et...
Bertsolari gazteen Xenpelar Sariko azken kanporaketa ostiralean jokatu zen, eta bertan beste bi bertsolari sailkatu ziren final handirako: Odei Barroso eta Haritz Casabal. Final handia, hain zuzen, bihar izango da Errenteria Hiria Kulturgunean, 18:00etatik aurrera.
Barroso eta Casabalekin batera beste lau bertsolari ariko dira nor baino nor: Alaia Martin, Aitzol Barandiaran, Julio Soto eta Agin Rezola. Eskualdeko bi ordezkari izango dira: Casabal pasaitarra eta Martin oiartzuarra.
Finalerako txartela lortzeko, baina, kanporaketa gainditu behar izan du Casabalek. Aurrean arerio gogorrak izan ditu, Jone Uria esaterako. Hala ere, puntuazioari begiratuta, aise gainditu du Uria, bigarren geratu baita 217 punturekin. Lehenengoak, Barrosok, 218 puntu erdietsi ditu.
Antolatzaileak (Xenpelar bertso eskola eta Ereintza kultur elkartea) pozik agertu dira bertsolariek emandako mailarekin.
Sarrerak, egunean bertan
Finalera joateko gogoz direnek, ezingo dituzte sarrerak finala baino zertxobait lehenagora arte lortu. Hain zuzen, Errenteria Hiria Kulturguneko leihatilan erosi ahal izango dira: nagusiek 3 euroren truke eta 16 urtetik beherakoek, berriz, dohainik.
Hirugarren kanporaketako sailkapena
- Odei Barroso. 218 puntu.
- Haritz Casabal. 217 puntu.
- Jone Uria. 210 puntu.
- Manu Goiogana. 209,5 puntu.
- Arrate Illaro. 204 puntu.
- Asier Azpiroz. 196 puntu