Abentura erraldoia eta pisutsua
Erraldoia. Ez du beste deskribapen hitzik Pasaiako portura iritsi den altzairuzko piezak. 7,40 metroko altuera du, eta 6,20 metroko zabalera. Pisuz ere ikaragarria da: ehun tona. Suediatik itsasoz ekarri dute, merkantzia-ontzi batean. Amezketako paper enpresa du helmuga. Azaroaren bukaeran iritsi behar bazuen ere, itsaso txarra tarteko, herenegun iritsi zen Pasaiako portura. Hurrengo eguneko goizean deskargatu zuten. Deskargak sekulako ikusmira izan zuen. Eta ez da gutxiagorako. Bi garabi handiren laguntzaz, pieza erraldoia barkutik pixkanaka-pixkanaka atera zuten. Behin pieza ontziaren goiko aldean zegoela, airean, piezari buelta eman zioten eta konboiaren gainean jarri. Erraza dirudien arren, mugimendu guztiak ongi kalkulatu behar zituzten. Hiruzpalau mugimendu egiteko ia bi ordu behar izan zituzten. Galarretan atsedena Herenegun deskargatu eta gaur gauean Amezketarako bidea hartuko dute. Konboi baten bidez eramango dute. Konboia ere ez da nolanahikoa: 50 metroko luzera du. Eta zatirik korapilatsuena orain dator, lekualdatzea bera. Hasteko, Pasaiatik Amezketara dauden 50 kilometroak egiteko lau egun beharko dituzte, eta tartean hamaika oztopo gainditu beharra. Gipuzkoako Trafiko Ordezkaritzaren arabera, zatirik korapilatsuena Pasaia eta Andoain artekoa izango da. Portutik abiatu eta Mirakruzeko Gainera joango da eta Donostiara Ategorrieta etorbidetik sartu. Frantzia pasealekutik pasatu ondoren, Mundaizeko zubira joango da. Zubitik Sancho el Sabio etorbiderantz jo ondoren, Pio XIIra iristeko. Gipuzkoako [...]
Erraldoia. Ez du beste deskribapen hitzik Pasaiako portura iritsi den altzairuzko piezak. 7,40 metroko altuera du, eta 6,20 metroko zabalera. Pisuz ere ikaragarria da: ehun tona. Suediatik itsasoz ekarri dute, merkantzia-ontzi batean. Amezketako paper enpresa du helmuga.
Azaroaren bukaeran iritsi behar bazuen ere, itsaso txarra tarteko, herenegun iritsi zen Pasaiako portura. Hurrengo eguneko goizean deskargatu zuten. Deskargak sekulako ikusmira izan zuen.
Eta ez da gutxiagorako. Bi garabi handiren laguntzaz, pieza erraldoia barkutik pixkanaka-pixkanaka atera zuten. Behin pieza ontziaren goiko aldean zegoela, airean, piezari buelta eman zioten eta konboiaren gainean jarri. Erraza dirudien arren, mugimendu guztiak ongi kalkulatu behar zituzten. Hiruzpalau mugimendu egiteko ia bi ordu behar izan zituzten.
Galarretan atsedena
Herenegun deskargatu eta gaur gauean Amezketarako bidea hartuko dute. Konboi baten bidez eramango dute. Konboia ere ez da nolanahikoa: 50 metroko luzera du. Eta zatirik korapilatsuena orain dator, lekualdatzea bera. Hasteko, Pasaiatik Amezketara dauden 50 kilometroak egiteko lau egun beharko dituzte, eta tartean hamaika oztopo gainditu beharra.
Gipuzkoako Trafiko Ordezkaritzaren arabera, zatirik korapilatsuena Pasaia eta Andoain artekoa izango da. Portutik abiatu eta Mirakruzeko Gainera joango da eta Donostiara Ategorrieta etorbidetik sartu. Frantzia pasealekutik pasatu ondoren, Mundaizeko zubira joango da.
Zubitik Sancho el Sabio etorbiderantz jo ondoren, Pio XIIra iristeko. Gipuzkoako hiriburua ospitaleetara doan errepidetik utziko du 50 metroko konboi luzeak.
Galarretan atsedena hartuko du, eta hor egongo da zubia bukatu arte. Zubia pasatuta, asteburuan, Hernanira joango da, hortik Urnietara, eta ondoren Andoiainera.
Ia ehun semaforo desmuntatu beharra
Hainbat gune erabat itxuraldatuko dira eta egunerokotasuna zipriztinduko dute. Izan ere, altzairuzko piezak dituen dimentsioek tokia behar dute. Horretarako, Donostian hamabi semaforo eta trafikoko hamar seinale desmuntatuko dituzte. Urnietan hamar semaforo kenduko dituzte, eta Andoainen, berriz, lau. Urnietatik Andoainerako zatian trafikoko hogei seinale eraitsiko dituzte.
Andoiainetik Amezketarako bidea ere ez da samurra izango. N-1 errepidean bi oinzubi daude, bata Andoianen eta bestea Iruran. Usabiaga garabien enpresak plan bat diseinatu du bi puntu horiek gainditzeko: tonaje handiko garabi batek pieza igoko du eta errepidea gurutzatzen duen sarbidetik pasa. Ondoren garabiak pieza atoian jarriko du berriz ere. Hori da asmoa behintzat.
N-1 errepidean, bestalde, beste hainbat aldaketa egingo dituzte. Zatiren batean aurkako norabideko bi errailak erabiliko dituzte, eta zuhaitzen hainbat adar moztuko dituzte.
N-1 errepidea utzi eta Ikaztegietara joango dira eta hortik Alegiara. Bi kaletatik pasatu eta azkenean Amezketara, helmugara, iritsiko da.