Kanpo kaiaren ingurumen txostenari alegazioak jarri dizkiete hainbat eragilek
Eguzki talde ekologistak hemeretzi alegazio aurkeztu dizkio kanpo kaiaren Ingurumen Iraunkorreko Txostenari. Alegazio horiek Donostiako Kontxako hondartzan joan den igandean egindako ekintzaren haritik aurkeztu zituzten jendartean. Talde ekologistak aurkeztutako alegazio horiek jasotzen dutenaren arabera, kanpo kaiak geologian, itsaslabarretan, itsas hondoetan, dinamika litoralean, hegaztiengan, ugaztunengan eta paisaian, besteak beste, “serio” eragingo luke. Baina ez horiengan bakarrik: “Alboko azpiegiturek, hau da, tunelek, errepide berriek eta plataforma logistikoek eragin larriak izango dituzte”. Proiektuan aurreikusten diren gasezko edo ikatzezko zentral termikoek, biodieselezko azpiegiturak eta hidrokarburoak gordetzeko tankeek, «hau da, energia zikina sortzen duten industriek», “larriki” eragingo dute. Pasaiako Portuko Azpiegituren Plan Zuzendariak aurkeztutako txostenak gizarteko gehiengo eragileen gaitzespena duela nabarmendu du Eguzkik: “Ez da harritzekoa, beraz, sindikatuek, udalek eta Pasaiako Portu Agintaritzako langileek beraiek egun hauetan Ingurumen Iraunkorreko Txostenari alegazioak aurkezten egotea”. Hondarpea arriskuan Joan den igandean Kontxako hondartzan, 1/50ko eskalan, kanpo kaiaren erreprodukzioa egin zuen Eguzkik. “Gipuzkoako kostan dagoen hondarpe bakarra Jaizkibelgo Azabaratzan dago, eta erreprodukzio horrekin hondarpe horren desagerpenak ekarriko lukeen eragin larriaz ohartarazi nahi izan dugu. Hondarpe hori desagertuko balitz ezingo dira Gipuzkoako hondartzak euren onera ekarri”, azaldu du. Babes bila Gipuzkoako Mendi Federazioko ingurumen batzordeak Ingurumen Iraunkorreko Txostenari jartzeko alegazioak prestatu ditu. Alegazio horiek babesteko inguruko elkarteen babesa eskatu du. [...]
Eguzki talde ekologistak hemeretzi alegazio aurkeztu dizkio kanpo kaiaren Ingurumen Iraunkorreko Txostenari. Alegazio horiek Donostiako Kontxako hondartzan joan den igandean egindako ekintzaren haritik aurkeztu zituzten jendartean.
Talde ekologistak aurkeztutako alegazio horiek jasotzen dutenaren arabera, kanpo kaiak geologian, itsaslabarretan, itsas hondoetan, dinamika litoralean, hegaztiengan, ugaztunengan eta paisaian, besteak beste, “serio” eragingo luke. Baina ez horiengan bakarrik: “Alboko azpiegiturek, hau da, tunelek, errepide berriek eta plataforma logistikoek eragin larriak izango dituzte”. Proiektuan aurreikusten diren gasezko edo ikatzezko zentral termikoek, biodieselezko azpiegiturak eta hidrokarburoak gordetzeko tankeek, «hau da, energia zikina sortzen duten industriek», “larriki” eragingo dute.
Pasaiako Portuko Azpiegituren Plan Zuzendariak aurkeztutako txostenak gizarteko gehiengo eragileen gaitzespena duela nabarmendu du Eguzkik: “Ez da harritzekoa, beraz, sindikatuek, udalek eta Pasaiako Portu Agintaritzako langileek beraiek egun hauetan Ingurumen Iraunkorreko Txostenari alegazioak aurkezten egotea”.
Hondarpea arriskuan
Joan den igandean Kontxako hondartzan, 1/50ko eskalan, kanpo kaiaren erreprodukzioa egin zuen Eguzkik. “Gipuzkoako kostan dagoen hondarpe bakarra Jaizkibelgo Azabaratzan dago, eta erreprodukzio horrekin hondarpe horren desagerpenak ekarriko lukeen eragin larriaz ohartarazi nahi izan dugu. Hondarpe hori desagertuko balitz ezingo dira Gipuzkoako hondartzak euren onera ekarri”, azaldu du.
Babes bila
Gipuzkoako Mendi Federazioko ingurumen batzordeak Ingurumen Iraunkorreko Txostenari jartzeko alegazioak prestatu ditu. Alegazio horiek babesteko inguruko elkarteen babesa eskatu du.
Mendi Federazioaren hitzetan, Jaizkibel mendian lagun asko ibiltzen dira, eta herritarren bizi kalitatean “beharrezko elementua” da. Hori horrela, alegazioak kontuan hartzeko galdegin du, eta Ingurumen Iraunkorreko Txostenean agertzen den “eragin larria” kritikoa dela onartzea eskatu.