Andoni Ugalde oiartzuarra, Burlatan txapeldun
Segurako Xanet Imazekin irabazi du pilota txapelketa; Oier Sarasti eta Ander Imaz dira txapeldunordeak
Oiarpeko pilotariek emaitza onak lortu dituzte asteburuan. Batetik, Andoni Ugalde oiartzuarrak Burlatako (Nafarroa) txapelketan txapela janztea lortu du, Kadete Mailan, Segurako Xanet Imazekin batera. Txapeldunordeak Oiarpeko bi pilotari izan dira: Oier Sarasti eta Ander Imaz. 9-18 gailendu zitzaizkien Ugalde eta Imaz.
Askatasuna pilotalekuan jokatu zuten partida gogorra izan zen. Inork ez zuen nahi txapelik gabe itzuli etxera. Tanto ederrak ikusteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek.
Gipuzkoako Txapelketa, bestalde, finalerdiak jokatu dituzte Kadeteen Lehenengo Mailan. Altuna-Iribarria (Zazpi Iturri) bikoteak 22-19 irabazi zion Oiarpeko Andoni Ugalde-Mikel Zapirain bikoteari.
Kadete Bigarren Mailan, berriz, Xabier Azpiroz-Xabier Mitxelena (Oiarpe) bikoteak 22-17 irabazi dio Bergarako taldeari. Eta Iker Fagoaga-Andoni Flores (Oiarpe) bikoteak 11-22 galdu du Añorgaren kontra.
Seniorrretan, Bigarren Mailan, berriz, Gorka Agirrezabalaga-Antton Aranburu (Oiarpe) bikoteak 16-22 galdu zuen Mikel Martinez-Jon Irastorza (Oiarpe) bikotearen kontra.