Santa Zeziliaren baitako kontzertu ugari daude asteburuan
Lehengo astelehena ospatu zuten musikariek beren patroia, baina, Santa Zeziliaren baitako kontzertu zikloak ez dira oraindik bukatu. Errenteria-Oreretan, 20:00etan, Jasokundeko Amaren Parrokian organo kontzertua joko du Fernando Gonzalok. Musikaren historiari errepasoa egingo dio Gonzalok organoaren bidez: XIII. mendetik gaur egunera arte. Hala, historiaurreko organoa, egungo organo eta Mario Enrico Bossiren estudio sinfonikoa entzuteko aukera izango da.
Horrez gain, pantaila erraldoia jarriko dute elizaren barruan, hara joaten direnek hobeto ikusi eta entzun dezaten. Bihar, bestalde, Mulletako Danbor Kofradiak girotuko ditu kaleak, 11:30etik aurrera. Txaranga Lagunak-ek ere joko du bihar.
Pasaian ere badira asteburuan kontzertuak. Donibaneko Konstantzia Musika Bandak bihar joko du. Goizeko hamarretan kalejira hasiko du Santiago plazan. Hortik parrokiara joango dira Molinatxo habaneraren, Juan Carlos Calderonen Eres tú eta Kortaturen Sarri-Sarri abestien musikaz alaituta. 10:30ean emanaldia eskainiko dute mezan, eta ondoren, parrokiatik plazara kalejiran joango dira. 12:45ean kontzertua emango dute Santiago plazan
Trintxerpen, Illumbe Abesbatzak emanaldia eskainiko du gaur, Donibaneko kiroldegian Euskadiko XXX. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketaren haritik, 19:00etatik aurrera. Bestalde, Illumbe Akordeoi Orkestrak kontzertua emango du Sabadelleko Orkestrarekin, Ander Telleriarekin eta Hausokarekin batera, gaur, Trintxerpeko parrokian, 20:00etatik aurrera. Parrokiak hogeita bosgarren urtea bete duelako emango dute kontzertua. Bihar ere emango dute kontzertua, Donostiako Udaleko pleno aretoan, 12:00etan.