Arditurriko meategiak, eredu
Asturiasen berreskuratu nahi duten meatze baten proiekturako eredu hartu dituzte; Carlos Aseginolaza Udaleko teknikaria han izan da Arditurriko proiektuaren berri ematen.
Arditurriko meategiak eredu bihurtu dira, zorupea turistentzako erakargarria bihurtu nahi dutenentzat. Asturiasen, esaterako, Arnao meazuloa
berreskuratu nahi dute eta bisitarientzako prestatu. Inspirazio bila, Arditurriko meategien berri izan eta eredutzat hartu dituzte.
Hala, pasa den hilabetean, Oiartzungo Udaleko ingurumen teknikari Carlos Aseginolaza izan zen Santa Maria del Mar-en (Asturiasen, Castrillongo kontzejuan), VII. Meatzaritza Topaketetan. Aseginolazak ireki zituen topaketak, lehen hitzaldia emanez.
Arditurriko meategiak nola berreskuratu zituzten azaldu zuen. Gogorarazi zuenez, bere garaian erromatarrek ustiatu zituzten meatze horiek eta bisitarientzako 2008. urteko ekainean ireki zituzten.
Castrillongo Ogasun eta Ondare zinegotzi Ramon Martinez Campok jakinarazi zuen, bestalde, hitzarmenak dituztela Kantauri isurialdeko hainbat herrirekin, Arnaoko meazuloa berreskuratzeko lanen harira. Horien artean dago Oiartzun.
1984. urtera arte
Eskura ditugun arren, egun, oraindik, eskualdeko bizilagun askok eta askok ez dituzte Arditurriko meategiak ezagutzen. Aiako Harria mendigune granitikoan daude eta Erromatar Inperioan hasi ziren horiek ustiatzen. Bertatik, zilardun galena ateratzen zuten, ondoren zilarra eskuratu ahal izateko.
Erdi Aroan, berriz, burdina ateratzen zuten, eta gero jarduna eten zuten Arditurrin.
XVIII. mendean ireki zituzten berriro meategiak, eta bertan lanean izan ziren 1984. urtera arte. Orduan gelditu zituzten meategietako lanak betirako.
Hainbat azterketa egin zituzten ondoren Arditurriko lur azpiko galerietan eta 2007. urtean hasi zituzten berreskuratze lanak. Berreskuratu eta berritu egin zituzten meategiak.
Lan horiei esker, bisitariek 800 metro galeria inguru bisitatu ditzakete gaur egun.