Igandean hasi eta datorren ostiral arte haurrentzako txontxongilo egunak izango dira Hendaian. Aurtengo 21. ediziorako lau antzezlan prestatu ditu, Akelarre Kultur Elkarteak, Euskal Kultur Erakundearen eta Hendaiako Udalaren laguntzarekin. Bihar asteartea, eskolentzako ikuskizuna izango da. Gorakada taldearek eskutik, Cyrano lana aurkeztuko dute. Maitasun istorioa da, ezinezko maitasunaren istoria, gorputzaren eta arimaren huts-beteez mintzo da, itsusi eta sentibera, eder eta ergel sentitzeaz. Istorio poetikoa da, askatasun aldarria, handi eta txikien bihotzak hunkituko dituena.
Asteazkenean aldiz, Elirale taldearen Lodikroko ikuskizuna izango da Hendaiako Mediatekan arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Hitzak, dantza eta musika dira Amaia Hennebutte-Millard-ek idatzi duen liburuaren oinarri. Liburu eta cd-ak euskarazko 12 poema eta haur kanta dakar. Beraz, euskarazko emanaldiak, soinu eta erritmo jokoa izango du. Liburua irekitzen denetik bizia hartzen hasten da, gorputzaren, dantzaren eta haurtzaroko espazioak mugitzen dira. Hitzen erritmoa segituz, testuaren musikaltasunak gorputza dantzarazten du.
Ostegunean eta ostiralean ere, eskolentzako beste emanaldia izango da, Troupe Txontxongiloa taldearen eskutik. Erreka Mari lana aurkeztuko dute. Euskal mitologiaren pertsonai bati lotutako kondaira azalduko dute; lamia. Erreka Marik desberdina izateagatik zituen zailtasunak kontatuko dituzte umore eta eztitasunez. Haurrek ulertu behar duten gaia landuko dute; amodio eta besteekiko errespetua. Sarrerak Hendaiako Turismo Bulegoan eta Irungo Oskarbe liburudendan eskura daitezke.