[Irudiak] Borrokan segitzeko Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna
Haien eskubideak aldarrikatzera irten dira gaur Moskura LGTBIAQ+ irundarrak. IHK-ren egitarauak erantzun zabala eduki du, eta Moskun egindako martxari ere jarraitu diote.
Sexu Askapenaren Nazioarteko eguna da gaurkoa, aldarrikapenez eta ospakizunez kaleak betetzeko eguna, alegia. LGTBIAQ+ kolektiboko kideek asko dute oraindik borrokatzeko eta eskatzeko, esaterako, udal politiketan zuriketa arrosa alde batera utzi eta “bizi baldintzak hobetzen” dituztenak eskatu ditu gaur sortu berri den Irungo Harrotasun Kritikoa taldeak.
Lehen aldiz, talde gisan antolatu dira IHK-koak eta erantzuna zabala izan da. Arratsaldeko lehen orduan, abaniko aldarrikatzaile tailerra egin dute, eta neurgailu guztiek diote, haurretatik hasi eta adinekoetaraino, arrakastatsua izan dela. Aske eta duin bizi nahiak, imajinazioa hauspotu du. Horren erakusle, kolorez, itsasgarriz, purpurinaz eta mezu aldarrikatzailez egin dituzten hamaika abanikoak. Autogestionatu egin dira eta egoera hori plazaratu egin dute.
Tailerra bukatu dutenean, martxa txiki bat egin dute Peña kaletik abiatuta, Moskuko plaza guztiari buelta emate arte. “Zergatik zara zisheteroa?” oihukatu dute auzoan zehar, edota “harrotasuna ez dago salgai”. IHK-ren egitarauarekin bat egin dutenek, martxarekin ere egin dute. Taldeak dioen moduan, “mamarratxeoa bai, borroka ere bai”.
Geldialdiaren txanda. Alarde parekideko bandako kideek hainbat abesti jo dituzte. Elkarbizitzaren seinale dela entzun da zurrumurruetan. Izan ere, kantineraren egunak ekainaren 28a izaten jarraituko du.
Entsegu azkarra bukatuta, argazkia atera dute Kabigorriko eskaileretan. Jende andana gerturatu da artxiborako erabili nahi duten argazki historiko honetara. Zenbat pertsona bertaratu diren eskuekin zenbatzea zaila zen, baina argazkien eta bideoen bidez begi bistaz ikus daiteke jendetza.
Manifestuaren momentua. Kritiko hitza taldearen parte izateak iradoki dezake manifestuari pisu handia eman zaiola. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri dute testua taldeko hiru kidek, tartean, Iker Monterok eta Mario Hernandez kideek. Manifestua lotura honetan irakur daiteke edota bideoan entzun.
Azkenik, perfomance-aren dirdira iritsi da. Garazy La Fantasy drag-a iritsi da orduan, eta Yogurinha Borova artista drag-aren No mas plumofobia abestiaren koreografia dantzatzen jarri ditu denak. Gero, gayen artean gizon feminizatuak gustatzearen konplexuak azaleratu dituzte esketx batekin, eta horiek hausteko ideiari eutsi diote. Beste performance batekin gorputzaren konplexuak ez izatera animatu ditu beste kide batek, eta horretarako, dantzan jarri ditu bertan ziren guztiak.
Orain, The Iiingles taldearen kontzertua eskaintzen ari dira Hazia Kultur Elkartean. Sexu Askapenaren Nazioarteko eguna bukatu bada, gaua hasi denaren seinale.