Arrazakeria gurasoak dira
DENA DEN
Eta ez dut esaten arrazakeria ez delako existitzen, azken egunotan gurasoek gorpuztu dutelako baizik. Andoainen gertatutakoa ez da hemen azaldu beharrik. Hori bai, Euskadi Irratian Maite Artolak esan zuen, argi geratu zela sare sozialen indarra eta eragina, bolbora bezala zabaldu zelako Euskal Herrian barrena eta gure mugetatik kanpo, berez anekdota hutsal behar zuena. Antzeko zerbait pentsatu nuen nik; ordu luzez nire mundu birtualaren %90 okupatu zuen gertaera hura, hurrengo egunean oraindik erabat ezezaguna zen nire mundu fisikoko (errealeko esan behar nuen, baina ez dakit) kideen artean.
Seme-alabei Gabonetako fantasiak kontatzen segi beharko genukeen ala ez erabat argi ez dudan heinean, asko dibertitu naiz guraso suminduen zaputzarekin. Alberto Moyano kazetari donostiarrak laburbildu zituen nire sentimenduak Twitterren: “Besarkada bana etxeko txikienei, bart gaueko Andoaingo disgustuagatik; umeei dagokienez, opariez goza dezatela”. Izan ere, lau urteko umeari bost axola zaio erregeen diskurtsoa, edo ez du ulertuko, eta ulertzekotan ere ez-ulertuarena egingo du, batzuek haien buruagatik, beste batzuek gurasoei faena bat ez egitearren. Zaila baita ziur jakiten zein neurritan jarraitzen dugun Gabonetako magiarekin gurasoengatik edo seme-alabengatik. Guraso eskandalizatuen kalapita birtualean, The Simpsons marrazki bizidunetatik ateratako Inork ez al du umeengan pentsatuko?! meme ironikoa irakurtzen da lerroartean uneoro, baina ironiko izateko asmorik gabe.
Hiru errege magoetatik zein eta Baltasar bera izatea, azal-kolore ilunena duena, itxuraz atzerritarra, horrek hartu du protagonismoa hedabide eta sare sozialetan. Kaleko berriketetan ere bai, segur aski, baina gehienetan ezin izan naiz egon. Eta agian nahiago, nahi baino dosi handiagoa jaso baitut sarean. Gaztelania menperatzen ez badu ez dadila hain ur handitan sartu, horixe zioten barkaberenek; zuzenean deportazio eskaerak, doilorrenen teklatuetan.
Horien kontrakoek azkar asko erreakzionatu dute, noski, aurrerakoiek —merke ateratzen da kategoria hori auzi honetan, egia da—: sinesten zaila den lapsus linguaeari eta ondorengo justifikazio ezin zalantzazkoagoari %200eko sinesgarritasuna sutsuki eman eta eman aritu dira, Baltasar egurtuari babesa erakutsi eta uholde arrazistari aurre egiteko onena hori izango zelakoan.
Dezente dibertitu naiz, baina gogorra ere egin zaidanik ez dut ezkutatuko. Irundar gisa, migratzaileen dramaren alderdi bat begi aurrean pausatu zaion herritar gisa, ikusita zeinen gutxi haztatu behar zaion «ni ez naiz arrazista, baina…» dioenari, etenpuntuak hitzez betearazteko, dermisean bertan dagoen supremazistatxo zuria sumatzeko.