Hondarribia 10k lasterketa berreskuratuko dute
Hilabeteko azken igandean, maiatzak 28, egingo da bigarrenez lasterketa azkar hau. Markak egiteko lehiaketa "aproposa" izango da.
Hondarribia 10k lasterketa berreskuratuko dute maiatzaren 29an eta bigarren edizioa izango da, lehenbizikoa, 2019ean egin zuten. Gipuzkoako txapelketa ere izango da, eta Higer Komarka Aldea kirol klubak, BAT eta Hondarribiko Udalarekin batera antolatzen du 10 kilometroko proba hau.
Juan Luis Silanes Kirol ordezkaria aurkezpenean izan da, eta asmoa Hondarribian 10 kilometroko lasterketa azkar bat finkatzea dela adierazi du, “urtero maiatzaren azken igandean izatea nahi dugu ere”. Lehiaketa honen berezitasuna markak egiteko “aproposa” dela azaldu du zinegotziak.
Goizeko 10:00etan abiatuko dira Minatera aparkalekutik eta herrirako noranzkoan joango dira. Bernat Etxepare, Gabarrari, Kosta kalea, edota Ramon Iribarren pasealekua igaroko dituzte. Ordu bat eta hamar minutu izango dituzte korrikalariek, gehienez, ibilbide hori osatzeko.
Izen ematea ez dute oraindik zabaldu, baina kirol probak plataformaren bidez egin beharko dela aurreratu du Silanesek. Gutxienez 18 urte eduki behar dira parte hartu ahal izateko, baina 16 eta 17 urte dituztenek ere posible dute guraso edo tutoreen baimena aurkeztuta.
Bestalde, baldintza bera izango da denentzat dortsala gainean eta ikusgai eramatea korri egin ahal izateko. Horiek jasotzeko Deportes Gonzalez dendara bertaratu beharko da, maiatzaren 27 edo 28an, 10:00etatik 13:00era, edo 16:00etatik 20:00etara.