Igandera arte dago Enrike Lekuona zenaren marrazkiak ikusteko aukera Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan.
“Errenazimendu garaian bizi ahal izango zen artista”, hori dio Enrike Lekuonaz Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) elkarteak antolatutako
Ondarea bihotzetik erakusketako sarrerako panelak. Hala zen hondarribiarra, ingeniari bikaina, artista paregabea, ikertzaile fina, pertsona errepika ezina.
Igandera arte dago Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan bere marrazkiak ikusteko aukera, turismo bulegoko ordutegian: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta igandean, 10:00etatik 13:30era.
Lekuonaren lan koadernoetatik hamar utzi dizkio familiak Hondaeri, eta bertatik askotariko marrazkiak hautatu dituzte erakusteko: itsasoari lotutakoak, Hondarribiko eta Euskal Herriko beste zenbait lekuetako eraikinenak, Amaiurren egindakoak, Iturissakoak… Denak ederrak izanagatik ere, ez dira zertan bere onenak izan behar. Izan ere, Lekuonaren ekarpenaren aniztasuna nabarmentzea du helburu bildumak, zenbat eta zer nolako lekuetan lan eta marraztu zuen adieraztea. “Izaera poliedrikoa izanda, mugarik gabeko ekarpenak egin zituen ondarea babesteko borrokan”, azaldu du Hondaek.
Ondarea ikertzen, interpretatzen eta marrazten zuen: “Irudikapenak, ondarea ezagutu eta bere kodeak interpretatzen dakien begiradatik daude eginak”. Eta beti modu hezitzailean egiten zuen, marraztutako elementuak interpretatzeko gaitasuna ikuslearekin partekatzen zuelarik.
Marrazkiez gain, Lekuonaren tresnetako batzuk bildu dituzte bitrina batean. Hunkigarria da, tresna horiek bere eskuetan erabili zituela konturatzea, Arma Plazako aretoko bozgorailuetatik bere hitz grabatuak entzuten diren bitartean.
Tamainaz handia ez den arren, Lekuonak merezi zuen erakusketa da Hondaek antolatu duena, bihotzetik antolatuta dagoelako, eta bihotzeraino iristen delako, Enrike Lekuonak egiten zuen bezala.
Ondarea marrazten zuenean helburu hezitzailearekin egiten zuen