Taldean bada, errazago

Heuk Proba Ezan

Lasterketa parekidea egiteko helburuz sortu ziren Heuk Proba Ezan entrenamendu taldeak

Ez dadila batez ere gizonen proba izan, hori da Fortuna Kirol Elkartearen azken urteotako apustua. Horregatik abiatu dute aurten 50/50/25 erronka, 2025 urtean parekotasuna lortzea helburu duena. Eta xede berarekin sortu zuten 2008an Heuk Proba Ezan entrenamendu programa, entrenamendu gidatuen bitartez, emakumeen artean kirola sustatzeko asmoz. Doako zerbitzua da, edozein mailako emakumeei zuzendutakoa, aurretik kirolean aritutakoa izan ala ez izan.

Arantza Rojo Fortunako kide hondarribiarra da Heuk Proba Ezan programako arduraduna. Bere hitzetan, bai emakumeentzako entrenamendu saioekin, baita 50/50/25 egitasmoarekin ere, mezu argia bidali nahi dute: “Sinistuta gaude Behobia erreferente izan daitekeela adin guztietako neska eta emakumeentzat. Parekotasuna lortuz gero mezu bat bidaliko genuke, aukera erreal berdinak direnean, emakumeen eta gizonen erantzuna, berdina dela”.

2008an abiatu zuten Heuk Proba Ezan programa, eta erantzuna berehalakoa izan zen, herri askotan sortu baitziren taldeak: Donostian, Oreretan, Tolosan, Zarautzen… 2012an beste urrats bat eman zuen Fortunak: Atletismo atala berriro martxan jarri zuen, eta bertan txertatu zen Heuk Proba Ezan, parte hartzaileei Fortuna bezalako elkarte batek eskaini dezakeen babesa helaraziz. Hala, lau entrenamendu talde egonkor eratu ziren, Donostia, Tolosa, Irun eta Hondarribian. Aurtengoa kontuan hartu gabe, 223 emakume entrenatu dira lau talde horietan atletismoko atala eratu zenetik.

Horrekin, ez da bakarrik lortu 220tik gora emakume horiek kirola praktikatzea. Horrez gain, kalean eta taldean entrenatzen direnez, kirol jarduera hori ikusarazi du programak, eta horrek emakume gehiago programara hurbiltzea ekarri du. “Neskek eta emakume gazteek eredu errealak behar dituzte —erantsi du Rojok—. Emakumeak korrika, entrenatzen edota lehiatzen ikusten badituzte, beraiek ere animatuko dira”.

Bakarka baino errazago
Fortuna KEren atletismo atala piztu baino bi urte lehenago sortu zen Heuk Proba Ezanen Hondarribiko taldea, 2010ean. Inma Irigoien da lehen taldea osatu zuten emakumeetako bat, oraindik orain taldean jarraitzen duena: “Umeak handituak zeuden, ez nuen ez kirolik ez beste ezer egiten, eta bakarrik ez nintzen gai hasteko. Talde bat sortuko zela irakurri nuen, eta ‘hau da nire aukera’ esan nuen”. Irigoienek ez du Behobia egin behar, eta aurten ez dauka beste karrerarik buruan: “Urte batzuetan bai egin ditut proba txiki batzuk, baina nire izaeragatik, anitz urduritzen naiz. Entrenamenduan, aldiz, gustura egoten naiz, taldeak eramaten zaitu, eta barre batzuk egiten ditugu”.

Heuk Proba Esan

Hondarribiko taldeko kideetako batzuk, astelehenean

Zazpigarren urtea du Irigoienek. Amaia Alkainek, berriz, lehenengoa, irailean hasi zen. Berari ere nagia ematen dio kirola bakarrik egiteak: “Kirola kanpoan egitea gustatzen zait, gimnasioan baino errazagoa iruditzen zait, zapatilak jantzi eta kalera. Bakarrik alferkeria sortzen dit, taldean ez”. Sasoia bilatzen du, besterik ez: “Ez dut buruan karrerarik, sasoian egotea baizik, astean behin behintzat saiatzen naiz etortzen”. Hori bai, hasiberriak gutxi direnez, batzuetan bere mailakorik ez du ondoan, eta eskaera egin du: “Hauek 500 metrotan atzean uzten naute. Berdin zait, nire erritmora joaten naiz, baina asko gustatuko litzaidake nire mailako beste norbait ondoan izatea”.

2012az geroztik, lau dira entrenamendu programaren egoitzak. Bakoitzak bere arduraduna du, parte hartzaileen araberako plangintza egiten duena. Hondarribian biltzen direnen prestatzailea Emi Arbelaiz da. Argi utzi duenez, edozein mailako jendea biltzen da taldeetan, baita zerotik hasitakoak ere: “Irekita gaude edozein mailara, programaren helburua entrenatzea da, kirol pixka bat egitea, osasuna zaintzea, ez lehia”. Astelehenean zortzi neska elkartu ziren entrenatzera, horien artean Behobia korrituko duten hiru. Horiekin, prestakuntza berezia egiten ari da, igandeko lasterketari begira: “Norbaitek esaten badit Behobia egin behar duela, adosten ditut harentzat entrenamenduak, baina taldeko saioek ez dute lehia helburu, urtean zehar kirola egitea baizik”.

Heuk proba Ezan. Taldeak

Hondarribia

  • Egunak: Astelehen eta asteazkenetan.
  • Ordutegia: 19:00etatik 20:00etara.
  • Tokia: Arraun elkartetik abiatuta.
  • Arduraduna: Emi Arbelaiz (posta elektronikoa).

Irun

  • Egunak: Astearte eta ostegunetan.
  • Ordutegia: 19:00etatik 20:00etara.
  • Tokia: Santiagotarrak elkartetik abiatuta.
  • Arduraduna: Gorka Katxarros (posta elektronikoa).

Donostia

  • Egunak: Astearte eta ostegunetan.
  • Ordutegia: 19:30etik 20:30era.
  • Tokia: Pio Baroja kiroldegitik abiatuta.
  • Arduraduna: Aitor Goikuria (posta elektronikoa).

Tolosa

  • Egunak: Astearte eta ostegunetan.
  • Ordutegia: 19:30etik 20:30era.
  • Tokia: Berazubi pistatik abiatuta.
  • Arduraduna: Ohiane Iraola (posta elektronikoa).
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend