Itsaso Lekuona, Enrike Lekuonaren alaba.
Hondae, Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak erakusketa abiatu du Arma Plaza kultur eta turismo gunean. Enrike Lekuona zenaren landa-koadernoetatik marrazki batzuk hautatu ditu, Aranzadi, Arkeolan, Albaola, Sustraia, Hondae eta abarrekin eginiko boluntario lanetan egindakoak.
Lekuonaren maila artistikoaren erakusle izateaz gain, ondarearen aldetik balio erantsia dute lanek, eta Arma Plazan egin den erakusketarik ederrenetakoa osatzen dute. Azaroaren 18ra arte bisitatu daiteke, turismo bulegoko ohiko ordutegian: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.
Itsaso Lekuona
Zer suposatzen du zuentzat Ondarea, bihotzetik erakusketak?
Erakusketa, aitaren lanaren eta gaitasunen aitortza bat da, baina batez ere, beste maitasun erakustaldi bat. Bere marrazkiekin antolatzen duten bigarren erakusketa da, bera eta bere lana maite duen jende askori esker sortua. Guretzat, aitak ereindako maitasun guztia jasotzeko beste modu bat da eta oso eskertuta gaude.
Erakusten diren marrazki edo koadernoen artean, zuk, ba al duzu faboritoren bat?
Amaiurko etxeen segida zoragarria iruditzen zait. Hondarribiko San Pedro kaleko etxeekin ere egin zuen horrelako bat. Baina erakusketan daudenen artean bat aukeratzekotan, Justiz baserriarena aipatuko nuke. Marrazkiaren ondoan, hainbestetan kontatu izan digun
Justiz izenaren jatorriari buruzko istoriotxoa du idatzia. Askotan joaten zen hara, eta inguru hori berezia da orain guretzat. Kalitate handia dute marrazkiek, berak baliorik ematen ez zien arren. Egindako ekarpen guztia jasotzea zaila da, baina erakusketa honetan zati txiki batez gozatzeko aukera izango dugu.
Erakusketak landa koadernoak biltzen ditu, kalean egindakoak. Baina etxean ere margotuko zuen. Nola gogoratzen duzu? Beretzat zer zen margotzea?
Beretzat margotzea plazera zen. Bizitza asko gozatzen zuen, eta marraztea horren parte zen. Entrenatzeko egiten zuela esaten zuen, gaitasuna landuz lortzen zela uste zuelako. Lanerako ere marraztu izan du: diseinatzen zituen itsasontzien planoak eskuz egin zituen urte askoan, eta ordenagailuz egitera pasa zenean ere, beti bukatzen zuen proiektua eskuz egindako marrazki batekin. Koadernoetako marrazkien aurretik, akuarelarekin margotu izan du beti, etxean margotzeko zuen txokoan, edo kalean, margotu nahi zuen hori parean zuelarik. Kontaezinak dira aita margotzen ikusi dugun aldiak. Zorte hori izan dugu!
Azken hamabost hilabeteetan, zenbat aldiz begiratu dituzue Arma Plazan erakutsiko diren marrazki hauek? Zer balio dute zuentzat?
Erakusketa hau antolatu nahi zutela esan zigutenean hasi ginen koadernoak begiratzen. Aurretik ez da erraza izan, sentimendu nahasiak eragiten ditu oraindik aitaren gauzak esku artean izateak. Baina lehen esan bezala, askotan ikusi dugu aita marrazten eta koaderno horietako marrazkiak ere behin eta berriz ikusi izan ditugu. Lehen, aita miresteko, eta orain, miretsi eta gogoratzeko.