Hondae elkarteak erakusketa antolatu du Enrike Lekuona zenaren landa koadernoak bilduta. Hainbat elkarteetan egindako boluntario lanaren isla dira.
Ehunka itsasontzi marraztu zituen eta horietako batzuk ikus daitezke Arma Plazako erakusketan
Enrike Lekuona itsas ingeniari eta artista zenaren landa koadernoetako marrazki hautatu batzuk ikus daitezke atzotik Hondarribiko Arma Plazan. Iazko uztailaren 12an hil zen Lekuona, Sustraia taldeko boluntarioekin zaharberritzen ari zen
Mariñel ontzitik erortzerakoan jasandako zaurien ondorioz. Sustraian ez ezik, beste hainbat elkarte eta erakundetan hutsune handia nabaritzen dute orduz geroztik, Aranzadi Zientzia Elkartean, Arkeolanen, Albaolan, Olagarro elkartean…
Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) antolatu du
Ondarea bihotzetik. Enrike Lekuonaren landa koadernoak erakusketa. Lekuonak berak sortu zuen Hondae 2012 urtean, herriko ondarea balioan jarri eta galbidean zeuden elementuetan arreta pizteko. Presidentearen galerak, Hondae “indarrik gabe” utzi duela onartu du Manu Eizagirre taldeko kideak: “Enrike zer zen Hondaerentzat? Sortzailea, arima… ez dakit, hitzak falta zaizkit… Dena zen. Eta kontrakoa, ja falta zaigunean, hori, hutsunea”.
Itsas ingeniaria izan zen lanbidez, eta itsasoa zuen ogibide eta pasio. “Ogibidez, ingeniaria zen, arrantzaleei beti lotuta, eta egiten zuen guztia, nik behintzat ikusi dudan guztietan, bihotzez egiten zuen. Burua ere jartzen zuen, baina bihotza beti”, kontatu du Hondaeko kideak.
Ehunka marrazkitan irudikatu zuen herriko eta Euskal Herriko ondareagatik sentitzen zuena
Lehendik abian zituen elkarlanetan sakondu zuen erretiroa hartu zuenean, bereziki Aranzadirekin eta Albaolarekin. “Bere laguntza eskaini zezakeen leku guztietan, hor egoten zen. Ezagutzen ez duenari ez dakit nola azaldu nor zen, gizon poliedrikoa zen, bere eta denon bizimodua hobetzen saiatzen zen beti”.
Hondaerekin eta Sustraiarekin herriko ondare material eta immaterialaren alde egiten zuen. Sortzailea izateaz gain, bi elkarte horietako ipar orratza zen eta berari zor zaio, esaterako,
Mariñel egurrezko azken legazketaria Kai Zaharrera eraman izana.
Eta, eskualdetik kanpora, dozenaka ikerketetan parte hartu zuen, horietako batzuk Euskal Herriko historia liburuak berridazteko balioko dutenak: Amaiur, Iturissa, San Joan baleontzia… Hainbat eta hainbat indusketetan parte hartu zuen, esku batean eskuila eta bestean pintzela zuelarik. «Bere landa koadernoetatik marrazki batzuk aukeratu ditugu. Irizpidea izan da denetarik azaltzea, ikusi araztea zein zabala zen eremua, ez dela gure bailaran bakarrik zentratu».
Artista, eta ia arkeologoa
Lekuona ezagutzen ez duena harrituko du bildumak dituen marrazkien kalitateagatik batetik, baina baita marrazkietan era subliminalean txertatzen zituen mezu pedagogikoengatik. «Marrazten zuenean ez zuen artistaren begirada bakarrik islatzen, helburu hezitzailearekin aritzen zen. Amaiurren, adibidez, kolore desberdinak erabiltzen zituen garai desberdinak adierazteko. Enrikeren irudi batekin asko ulertzen da».
Marrazki bakoitzean alderdi hezitzailea txertatzen zuen Lekuonak. Irudian, Amaiurko indusketetan eginiko bat
Arituz asko ikasi zuela erantsi du Eizagirrek. «Ez zen arkeologoa, baina azken urteetan arkeologoa balitz bezala aritu zen». Ingeniaria, artista eta ia arkeologo zenez, ekarpen handia egiten zuen indusketak dokumentatzerakoan. «Amaiur gaztelua nolakoa zen ikusten ez bada, irudimena erabili behar da marrazkia osatzeko. Baina berak inguruan Aranzadiko arkeologoak- eta zeuzkan, adituak zituen, ez zen bere irizpidea pisurik gabe, guztiz kontrakoa, marrazten zituenak guztiz kontrastatuta zeuden».
Lanen maila artistikoagatik, duten balio erantsiagatik, eta bihotza ukitzeko zuen gaitasunagatik, Arma Plaza kultur gunean inoiz antolatu duten erakusketa ederrenetakoa da
Ondarea, bihotzetik. Hilaren 18ra arte bisita daiteke egunero, turismo bulegoaren ordutegian.
Kantauri itsasoan eta Jaizkibelen atseden hartu du
Afizioz zen margolari, ofizioz itsas ingeniaria. 43 urtez aritu zen itsasontziak diseinatzen, eta barkuen eraikuntzan garrantzi handiko hainbat aurrerakuntza zor zaizkio. Hamar urterekin esan omen zion aitari ‘handitan barkuak eraiki nahi ditut’, eta agindutakoa bete ez ezik, oso urruti iritsi zen zeregin horretan.
Saiatzen zen guztian arima jartzen zuen, lanean, eta lanetik kanpora, udalean —zinegotzia izan zen 1979tik 1987ra—, euskalgintzan, Olagarro abesbatzan, Hondaen, Aranzadin, Albaolan, Arkeolanen, Sustraia elkartean… eta
Mariñel ontzian.
Enrike Lekuona, Aranzadiko kideen artean, Amaiurren
Mariñel-etik erortzerakoan jasandako zauriengatik hil zen Enrike Lekuona iazko uztailaren 12an, hutsune handia utziz. Handik bi astera omenaldi ederra egin zioten kai berrian, eta berak diseinatutako
Gure itxaropena barkuan eraman zituzten bere errautsetako batzuk, itsasoan zabaltzeko. Beste batzuk familiak gorde zituen, Jaitzubiko Eguzki Baitan haien etxean lurperatzeko.