Hartu Hitzak hiru kalejira antolatu ditu hiriko hiru txokotatik abiatuta; trenean iritsi dira azaroaren 18an jarriko dituzten hamasei hautetsontziak
Azaroaren 18ko protagonista izango diren hautetsontziak.
Hartu Hitzak antolatutako herri galdeketarako gutxiago falta da. Gaur arratsaldean irudikatu nahi izan dute azken txanpan sartu direla, eta horretarako hiru zutabe abiatu dira hiriko hiru puntutatik.
Horietako bat Elitxuko biribilgune atera da eta Belaskoenea, Katea, Elitxu-Lapitze eta Larreaundiko auzotarrek elikatu dute zutabea. Beste bat, berriz, Junkal Elizako plazatxotik irten da, Alde Zaharra, Arbes, Artia eta Behobiako bizilagunekin. Hrugarren zutabea, berriz, Gernikako Arbolatik irten da, eta Dunboa, erdigunea eta Santiago-Beraun auzotarrak jaso ditu.
Luis Mariano plazan elkartu dira denak, eta Kolon pasealekutik gora joan dira Txanaleta plazaraino. Han euri zaparrada bortitza hasi du, baina horrek ez du ekidin arratsaldeko protagonisten iritsiera: azaroaren 18an herriko hamasei auzotan egongo diren hautetsontziak etorri dira. Trenez, noski. Hartu Hitzak badaki zein den bidea eta helmuga. Hurrengo geltokia, herri galdeketa.