Josu Ozaitarekin egindako ikerketan, 'Itzalitako kalabazen berpiztea' izenekoa, haurrek Gau Beltza nola ospatzen duten aztertu du hondarribiarrak; jaia Europatik AEBetara joan zela, eta berriro bueltan dela azaldu du, kapitalismoak eraginda
Jaime Altuna.
Josu Ozaitarekin egindako ikerketan, ‘Itzalitako kalabazen berpiztea’ izenekoa, haurrek Gau Beltza nola ospatzen duten aztertu du hondarribiarrak; jaia Europatik AEBetara joan zela, eta berriro bueltan dela azaldu du, kapitalismoak eraginda
Zeri deitzen zaio Arimen Gaua?
Hiru izen erabili ditugu gure ikerketan: Halloween, Arimen Gaua eta Gau Beltza. Hirurek izendatzen dute urriaren 31 eta azaroaren 1ean egiten diren zenbait ospakizun. Zehazki, gure ikerketan haurrek egiten dituzten ospakizunak landu ditugu. Arimen Gaua hori izendatzeko modu bat da. Festa hauek heriotzaren inguruan ospatzen dira, eta heriotzarekin batera arimaren kontzeptua dator. Gaur egun, beharbada ez da gure gizartean presentzia handia duen kontzeptu bat, baina garai batean garrantzia zuen, eta kalabazaren barruan jartzen zen suarekin agertzen zen argiak hori sinbolizatzen zuen: arima.
Zer ospatzen zuten egun horretan?
Badago autore bat, [James George] Frazer, eta berak esaten zuen urtea bitan banatzen zutela: negua eta uda. Batetik bestera pasatzen zirela adierazteko bi festa nagusi egiten ziren, eta herri horientzat festa nagusiak ziren. Bat maiatzaren hasieran egiten zuten, eta, bestea, orain, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran. Neguko festak udaren amaiera eta neguaren hasiera adierazi nahi zuen, eta oso lotuta zegoen heriotzarekin. Negua urtearen aldi hila da: lurrak ez du fruiturik ematen, animaliak eta pertsonak etxean babestu behar dira; justu, maiatzaren 1ean kontrakoa gertatzen da.
Nondik edo noiztik dator?
Oso antzinatik datorren festa da. Guk bibliografian jaso dugunaren arabera, Europa guztian zehar eta batik bat herri zeltetan ospatzen zuten. Garai hartan zelta kultura oso zabaldua zegoen Europan. Oso antzinatik datorren jaia izan arren, beste sinismen eta ideologien elementuak hartu ditu. Badirudi kristau aurreko ospakizun bat zela, eta, gero, kristautasuna bere egiten saiatu zela. VIII. mendean, aita santu batek erabaki zuen egun horretan (azaroak 1) izango zela Domu Santu Eguna. Hala, aurretik existitzen ziren ospakizun horiek erlijioak bereganatu zituen eta bere forma eman zien, baina jarraitu zuen heriotzaren gaineko ospakizuna egiten. Gero, XVIII. eta XIX. mendeetan AEBetara joan ziren Irlandako etorkinek tradizioa hara eraman zuten. XIX. mendean dagoeneko AEBetan ospakizun garrantzitsu bezala hartu zuten. Hain zuzen, XIX. mende bukaeran amerikar identitate bat finkatzen hasi ziren. Jatorri askotako etorkin asko joan zen, eta identitate komun bat finkatzeko beharra sortu zitzaien. Beste jai batzurekin batera, Gabonak eta Esker Emateko Eguna, Halloween hartu zuten zerbait propio eta identitario bezala. Hori XX. mendean zehar ospatzen jarraitu zuten, eta 1970ko hamarkadan beraientzat identitate ikur den hori zabaltzen joan zen munduan zehar. Kapitalismoak, beste gauza asko bezala, bereganatu zuen eta munduan zehar hedatu zuen bere onurarako. 1980ko hamarkadan asko zabaldu zen film eta telebistaren bitartez; adibidez, Halloween pelikula. Zentzu horretan, guk esaten dugu joan-etorriko festa bat dela. Europatik AEBetara joan zen, Europan toki askotan galdu zen (Irlandan ez ezik), eta guri berriz ere bueltan etorri zitzaigun festa AEBetatik, duela 15-20 urte.
«Kapitalismoak jaia bereganatu, eta munduan zehar hedatu zuen»
Noiztik ospatzen da gurean?
XX. mendean zehar Euskal Herrian gure aiton-amonek festa honekin zerikusia zuten gauza batzuk egiten zituzten. Litekeena da esatea Europan zehar toki ezberdin askotan ospatzen bazen festa garrantzitsu bezala, hemen ere ospatuko zela. Badaude ospakizun batzuk horrekin lotuta daudenak; esaterako, Eibarren, Gaztain Erre Eguna. Juan San Martin antropologoaren arabera, festa hori erabat bat zetorren zeltek egiten zuten Samain horrekin.
Guk jende helduarekin jasotako testigantzen arabera, txikiak zirenean data hauetan kalabazak edo arbiak hartzen zituzten, hustu, kandela jarri, eta gauez bide bazterretan uzten zituzten, beldurra emateko asmoz. Beraz, Halloweenekin lotzen dugun irudi tipikoa, kalabazena, egiten zuten. Jaso dugunaren arabera, 1960ko hamarkadan egiten zuten haurrek, herri oso txikietan, baserri giroan. Guk ez dugu ikusi ospakizun antolatu bat bezala, baizik eta jolasa edo bihurrikeria moduan.
Beraz, ez zen toki zehatz batzuetan egiten zen jaia, baizik eta, oro har, herri txiki eta baserri giroan egiten zena.
Oso zabalduta zegoen Euskal Herrian, baina ez zen oso antolatua. Ez zuen zertan urriaren 31n izan behar; garai honetan egiten zen bihurrikeria edo jolasa zen. Toki batzuetan egiten ziren erronda batzuk, baina, oro har, ez. Bestalde, ez zen jolas bat besterik gabe; kalabazek arima irudikatzen zuten, argia. Garai hartan, gainera, arimak zeudela sinisten zuten, erlijio katolikoaren presentzia handia baitzen, eta kalabazen argia ikusten bazuten benetan izutzen ziren. Beraz, jolasa eta bihurrikeria bazen, baina sinismen batzuen barruan.
«Gurean, kalabazak edo arbiak, piztuta, bide bazterrean uzten zituzten»
Halloween yankee-ak eta hemengoak kalabazak dituzte komunean. Badaude bien arteko antzekotasun gehiago?
Festa hauen artean bat aztertu dugu oso interesgarria izan dena. Nafarroako herri txiki askotan, Etxauri ibarrean, oraindik mantentzen da ohitura bat, azaroaren 1ean egiten dena, eguerdian. Haurrak etxez etxe joaten dira eskean, Gabonetan egiten den bezala. Herri bakoitzean badute esaera bat, adibidez,
Xinguli manguli bota gaztainak neri. Etxeetatik botatzen dizkiete gauzak, garai batean fruitu lehorrak bakarrik, eta, orain, fruitu lehorrak eta gozokiak.
Bestalde, konturatu gara Gau Beltzaren festa dela neguko jaien zikloaren lehen jaia. Neguko jaien zikloko festa horietan badaude zenbait ezaugarri errepikatzen direnak: etxez etxe eskean joatea (Gabonetan, Santa Agedan, inauterietan…) —Euskal Herriaz gain, Europako beste zenbait tokietan ere egiten dute—; zerbait abestu, esaldiren bat esan edo bertsoa botatzea; janaria eskatzea (janaria bildu behar den garaia da)…
Gaur egun birsortzen ari diren jaietan ere hartu dituzte elementu horiek, eta horietan mozorroa elementu zentrala da, AEBetako eta Irlandako Halloweenekin gertatzen den bezala. Gure ustez garrantzitsua da hori, haurrentzat oso erakargarria delako mozorrotzea.
«Oso zabaldua zegoen Euskal Herrian, baina urriaren 31n ez zuen zertan izan behar»
Beldurraren faktorea ere komunean duten beste elementu bat da, ezta?
Aiton-amonen elkarrizketetan beldurrarena beti ateratzen zen; edo jasaten zutelako sustoa edo beraiek eragiten zutelako. Horren inguruan azterketatxo bat egin dugu genero ikuspegitik. Ikusi dugu lekukotza zaharretan eta, egun, haurrekin egon garenean, beti joera da mutilek sustoa ematea eta neskek sustoa jasatea. Kuriosoa da nola errepikatzen den denboran. Egun ere jarraitzen dute misterio edo beldurrezko elementuak sartzen, eta beldurra eta heriotza errepikatzen dira; oso lotuta daude.
«Haurrek ospatu nahi dute, baina kontraesanak dituzte helduek»
Jaime Altuna.
Josu Ozaetak eta zuk nolatan ekin zenioten ibilbide honi?
Josu eta biok elkar ezagutu genuen antropologian, eta bukatu genuenean, ikusi genuen Juan San Martin ikerketa beka deialdia egin zutela. Buruan bagenuen aurretik ideia hori, Halloween, Arimen Gaua edo Gau Beltzaren gainean zerbait egiteko. Aurkeztu genuen, beka eman ziguten eta hortik abiatu zen dena.
Zein da, zehazki, ikerketaren muina?
Gaur egun festa honen inguruan zer gertatzen ari den jaso nahi genuen. Horretarako, guretzat garrantzitsua zen ikerketaren zentroan haurrak jartzea: zergatik ospatzen duten, zergatik ospatu nahi duten, zergatik ez, zerk erakartzen dien… Beraiekin ere egon nahi genuen ospatzen zuten bitartean. Interesgarria iruditzen zitzaigun euren ikuspegia jasotzea. Iruditzen zitzaigun askotan horrelako erritu eta festen gainean egiten diren ikerketak beti atzera begirakoak direla. Festa horiek justu orain sortzen, birsortzen eta transformatzen ari dira, gure kulturan orain gertatzen ari den zerbait da. Hori jaso nahi genuen protagonistekin egonez.
Zein egoerarekin topo egin duzue ikerketa egiterako garaian?
Alde batetik, ikusten genuen haur askok ospatu nahi duten zerbait dela, baina heldu askori kontraesanak sortzen zaizkiela: ‘Halloween ospatu nahi duzula? Baina hori yankee-a da, nola ospatuko duzu hori?’. Ez genuen gurasoen diskurtsoan geratu nahi, baizik eta haurren diskurtsoa entzun, jaso eta erreflejatu; hori zen guretzako erronka.
Zergatik gai hori?
Ikerketa hau hasteko ideia sortu zen guri gertatu zitzaigulako. Gogoratzen dut alaba etorri zitzaidala 7-8 urterekin ‘aita, lagun batek esan digu Halloween ospatuko dugula bere etxean, mozorrotuko garela…’ eta ni ‘nola Halloween ospatuko duzuela?’, kontraesan bat sortzen zitzaidan. Handik bi egunetara nire aitari kontatu nion, eta aitak esan zidan ‘guk ere egiten genuen Ataunen, baserrian, arbia hustu…’. Uste dut gizarte mailan askori gertatu zaigula; kontraesan horretatik sortu da ikerketa.
Zein metodologia erabili duzue?
Elkarrizketak egin ditugu haurrekin, adinekoekin, aditu batzuekin… eta horrez gain, behaketak egin ditugu. Antropologian badago teknika bat oso erabilia dena, ikertu behar duzun horiekin egon eta ikertu behar duzun horretan egon. Euskal Herriko herri askotan egon gara, eta ospatzeko modu ezberdinak ikusi ditugu. Ikerketa 2016an egin genuen, urtebetekoa izan zen.
Zer ondorioztatu duzue? Zein Halloween ospatu nahi dute haurrek?
Atera dugun ondorioetako bat da beraiek ospatu nahi duten jai bat dela. Beraiei gustatzen zaien festa bat da, eta oso erakargarri zaie. Oso elementu politak ditu beraientzat: mozorroa, iluntzean ateratzea, gozokiak, heriotza, beldurra… Heriotza, adibidez, gaur egungo gizartean nahiko tabu den elementu bat da, baina, hemen presente dago, eta beraiei ere erakarri, edo, behintzat, kuriositatea sortzen die. Guk ez dugu kentzen merkatu eta kultur produkzio yankee-ak bonbardatzen gaituela mezu askorekin. Kontziente gara, baita haiek ere neurri batean. Haiek oso kontziente dira helduei ez zaiela asko gustatzen, eta batzuk kexaka aritzen ziren: ‘Joaten gara etxez etxe eta jendeak ez digu atea irekitzen, eta batzuk errieta egiten digute’; ikusten dute nolabaiteko errezeloa.
Zein presentzia dute gure eskualdeek zuen ikerketan?
Oarsoaldea dezente agertzen da. Adibidez, Oiartzunen egon ginen Gau Beltza ikusten, baita San Pedron ere.
Hitzaldia Donibanen izango da [hilak 29, 19:00etan, Ubera liburutegian], eta nire asmoa da aurtengo Gau Beltzan han egotea, zer egiten ari diren jasotzeko.