Uztaila bukaeran Lakaxitan ezarri zirenetik Frantziara bidean diren mila migratzaile baino gehiagori lagundu die Irungo Harrera Sareak.
Errefuxiatu bat, asteazken arratsaldean, Santiago zubia zeharkatzen
Goizeko bostak eta laurden dira. Oraindik eguzki izpiak ez dira Larrun mendi gainetik ageri, baina kopetazuriak hasiak dira Plaiaundiko paduretako ur gezako aintziretan dantzan. Ondoan, San Lorentzokoan, mokozabal talde bat hegan hasi da. Gaua bertan igaro eta gero, hegoalderanzko urteroko bidaiaren beste etapa bati ekin diote. Gaur haizea alde dute.
Nazioarteko zubia zeharkatu duen tren baten triki-trakak basahateen eztabaida baretu du. Bitartean, burua koloredun zapiekin babestuta duten bi emakume Santiago zubiaren hasieran seinale baten zain daude. Batek hilabete gutxiko umea du sorbaldan eta bigarrenez ari da saiakera egiten; atzo Bordelen atzeman zuten jendarmeek eta Iruna ekarri zuten bueltan, gauez. Ama-haurrak kalean egin behar izan dute lo, erakundeek atondutako guneak itxita aurkitu zituztelako. Beste emakumea lehen aldiz saiatuko da Bidasoaren gaineko azken urratsa egiten. Hirurek infernua bizitu dute duela hiru hilabete baino gehiago etxetik abiatu zirenetik. Maliko eta Aljeriako basamortu amaigabeak, Maroko, itsasoa, mafiak… Baina ziur daude mereziko duela.
Mokozabalen silueta ja apenas ez da sumatzen behin Jaizkibelgo antenen paretik igarota. Milaka kilometrora dute azken geltokia, Senegal ibaiaren deltan. Ez askoz hegoalderago hasi zuten bidaia uztailetik aurrera Irunera iritsi diren milatik gora errefuxiatuetatik gehienak. Hamarretik sei baino gehiago Gineako Errepublikan jaioak dira.
Batzuk iparraldetik Afrikara, beste batzuk Afrikatik iparraldera. Batzuk hegan doaz, besteak lurretik egiten ari dira bidaia. Kontrako bidean, baina helburuan ez dira hain desberdinak. Bizirauteko ari dira migratzen, eta bidaia horretan ere, inork ez die iritsiko direla bermatzen.
Herritarren sarea
Uztaila bukaeran sortu zen Irungo Harrera Sarea, Frantziara bidean diren migratzaile jarioari erantzuna emateko. Erakundeen erantzunaren eza ikusita, kanpalekua ezarri zuten Lakaxita gaztetxean eta bertatik mila baino gehiago pasatu dira hilaren 10ean kanpalekua desmuntatzea erabaki zuten arte. Alaine Aranburu sareko kideak gogora ekarri duenez, lotarako lekua eskaintzeaz eta jaten emateaz gain, bestelako jarduerak antolatu zituzten Lakaxitan: «Hizkuntza irakasten hasi ginen, gero hobeto antolatu ginen, eta hemen geratu nahiz zutenak Helduen Hezkuntza Zentroetara bideratu genituen. Besteek, pasa nahi dutenek, ez zuten ikastaroen beharrik, arratsalde pasa egiteko zerbait baizik, eta tailerrak antolatzen genituen».
Sareak eguneko zerbitzua eskaintzen du San Juan plazan
Joan den astean desmuntatu zuten Lakaxitako kanpalekua, erakundeenganako presio gisa. Ordurako hasiak ziren Irungo Udala eta errefuxiatuen gaia lantzen duen erakundeen arteko mahaia gaia migratzaileen arazoari erantzuna emateko neurriak hartzen. Baina harrera sarea ez zen konforme erakundeen erantzuteko abiadurarekin. Aranguren ziur da Lakaxitan uzteko garaia iritsi zela: «Gordeta ginen han, arazorik ez zen ikusten, arazorik ez bada ikusten, soluziorik ez da behar».
Lakaxitako kanpalekua itxi zuten egun berean eman zieten aterpe migratzaileei Martindozenea aterpetxean eta Ospitale Zaharreko gela batean; inor ez zen kalean geratu. Lehenengoaren ardura erakundeen arteko mahaiarena da, Gurutze Gorriak kudeatzen du, eta Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzei jarraitzen die. 60 lagunentzako tokia dago, gizon nahiz emakume. Bigarrena, Irungo Udalak jarri du martxan, eta Emausen esku utzi du kudeaketa. Martindozenean ez bezala, ez dute kanporatze agiririk eskatzen, baina momentuz muga nabarmena du: gela bakarra da, eta emakumerik ez dute onartzen.
Mugimenduen zain
Joan den astetik ari dira migratzaileak Martindozenean eta Ospitale Zaharrean lotan eta otorduan hartzen, baina egunez ezin dute bertan geratu. Herritar sareak uste du erakundeen erantzuna eskasa dela, eta protesta gisa San Juan plazan kanpaleku sinbolikoa muntatzen ari dira egunero, 08:00etatik 22:00etara. Asteazkenean Gizarte Zerbitzuetako udal arduradunekin elkartu ziren, harrera osatuagoa eman ahal izateko aukera bat edo beste aztertzen. Udalak ez du San Juan plazako ekintza gustuko, baina sareak zerbitzu hori eskaintzen jarraituko du, erakundeek horren pareko zerbait martxan jarri artean. «Egoteak ez du esan nahi fisikoki hor egon behar duzunik, baina goizaldeko ordu bietan zerbait gertatzen bada, hamar mutiko agertzen badira Santiago zubian kolpatuta jendarmeek utzita, egoera horri soluzio emateko aukera izan behar duzu».
Migratzaile bat Irungo San Juan plazan telefonoz hitz egiten, Bidasoaren beste aldera joateko unearen zain
Aste honetan aurrera pausu batzuk eman dira. Esaterako, udalak jakinarazi du azaroaren 1etik Ospitale Zaharrean lo egiten ari direnei afaria ere jantoki sozialean zerbitzatuko dietela, eta ez lo egiten duten lekuan. Beste urrats batzuk negoziatzen ari dira udala eta boluntarioak, eta baliteke ordu edo egun gutxitan berritasunak izatea zentzu horretan. Gainera, inguruko udalerrie laguntza eskatu du Irunek; aste honetan bertan Jose Antonio Santano eta Txomin Sagarzazu Irun eta Hondarribiko alkateak elkartu egin dira, gaiaz mintzatzeko.
Bitartean, San Juan plazako kanpaleku sinbolikoan aurkitzen dute bidaiariek egunez behar duten babesa. Hara hurbiltzea baino ez dago eguneko zerbitzuaren garrantziaz jabetzeko. Boluntarioak txandaka aritzen dira gunea zaintzen, eta uneoro dute norbait galdezka, telefonoa non kargatu, motxila bat non lortu, Hendaiako tren edo autobus ordutegiak nola lortu… denetarik behar izaten dute. Aranguneren ustez, erantzun egokia ematea bezain garrantzitsua da galdetzeko aukera eskaintzea bera: «Hilabetetan egin duten bidean zehar ez dituzte pertsona gisa tratatu, ez dituzte inon duintasunez hartu. Hemen, hori berreskuratzen saiatzen dira, eta beste aldera pasatzeko oso inportantea da hori, euren jarrera eta euren irudia aldatzea».
Migratzaileak pertsona bezala tratatu, haien motxila duintasunez bete, babes sarea jarri azken jauzia eman dezaten. Hori da uztailetik Irungo Harrera Sareko boluntarioak egiten ari diren lana. Erakundeen esku utzi nahi dute lekukoa, baina ez edozein baldintzetan.
Bidean diren errefuxiatuei buruzko erreportaje sortako lehena da hau. Hurrengo asteetan segida izango du:
Gune aipagarriak
Irun
-
Martindozenea
Martindozenea aterpetxea. Gurutze Gorriak kudeatzen du eta 60 pertsonari ematen die aterpe eta hiru otordu. Espainiako Gobernuak ezarritako neurrien arabera funtzionatzen du: kanporatze agiria (penintsulara iritsitakoan ematen zaien 30 eguneko nolabaiteko baimena) behar izaten dute, iraungitu gabea. Aterpea 3 gauez erabili dezakete (5era luzatu daiteke), aurretik Gurutze Gorriak kudeatutako beste aterpe batean lo egin ez badute. 22:00etan ateak ixten ditu, eta ez dago sartzerik.
-
Ospitale zaharra
Ospitale zaharra. Irungo Udalak hotzaren protokolorako zerbitzua abiatu zuen joan den astean iragaitzazko migratzaileak jasotzeko. 24rentzako tokia dago —gizonak bakarrik, gela bakarra delako—, eta lo egiten duten gela berean gosaldu, bazkaldu eta afaltzen dute. Emausek kudeatzen du eta 22:00etatik 08:00etara ateak ixten ditu.
-
Lakaxita
Lakaxita. Irungo Harrera Sarearen egoitza izan zen uztaila bukaeratik urriaren 10era arte. Gaztetxe barruan 13 lagunek lo egiten zuten, kopuru hortatik aurrerakoak lorategian.
-
San Juan plaza
San Juan plaza. Harrera sareko boluntarioek eguneko zerbitzua eskaintzen dute bertan, 08:00etatik 22:00etara. Txandaka zaintzen dute gunea eta uneoro laguntza eskaintzen diete bertatik pasatzen diren migratzaileei.
-
Santiago zubia. Irun
Zubiak. Irun Hendaiarekin eta Pausurekin lotzen duten zubiak dira migratzaileek Bidasoaren beste aldera igarotzeko gune erabilienak. Berez, Irun eta Hendaia artean bi zubi daude bata bestearen ondoan, baina oinezkoena itxi egin dute, eta ibilgailuentzako Santiago zubia erabili behar da oinez edo hiri batetik bestera joateko.
Jendarmeen presentzia ia uneorokoa da batean nahiz bestean, eta Goardia Zibilaren kontrolak areagotu dira azken asteetan. Frantziako Poliziak Ipar Euskal Herrian edo Frantzia hego mendebaldean migratzaile bat atzemanez gero, Santiago zubian edo Pausukoan uzten du
Hondarribia
-
Kaputxinoen komentua
Kaputxinoen komentua. Hilaren 8tik sei migratzailek aterpea dute Hondarribiko Amute auzoko San Frantzisko Asiskoaren komentuko gela batean. Hego Euskal Herrian geratzeko asmoa agertu duten migratzaileak dira, asilo eskaera egin dutenak. Kaputxino fraileen babespean daude, baina Irungo Harrera Sareak haien beharren jarraipena giten du.
Hendaia eta Pausu
- Tren geltokia. Santiago zubitik 300 bat metrora dago SNCF tren konpainiak Hendaian duen geltokia, errefuxiatu askok erabiltzen dutena. Billetea aurretik erosita ere, horrek ez du esan nahi beti trena hartzen utziko dietenik. Asko Parisera doaz, baina bakoitzak bere jomuga du, jatorritik edo bidean egin dituen kontaktuen arabera.
- Autobus geltokiak. Autobusa erabiltzen dute beste errefuxiatu askok. Behin zubiak gaindituta, Hendaia eta Pausun ATCRB konpainiak dituen autobus geltoki inguruetan egoten dira zain, Baionara joateko eta handik bidea segitzeko.