Amaia Oca, irailaren 22ko aldarrikapen gosarian
Zergatik erabaki zenuten Lakaxita hustea, bertan eratua zenuten migratzaileentzako kanpalekua desegitea?
Batetik, presioa egin behar zitzaien erakundeei, ez bakarrik udalari, erakunde guztiei, arazoari arre egin ziezaioten. Ondo ginen Lakaxitan, leku erosoa zen, baina ghetto txiki bat bihurtzen ari zen hura, eta kalera atera behar zen, gertatzen ari zena ikustarazteko. Bestetik, hasieran ez, baina pixkanaka osasun eta espazio arazoak sortzen hasi ziren, Irungo gaztetxea ez delako leku egokia hainbeste jenderi harrera duina eskaintzeko. Eta, azkenik, Lakaxitari bere ohiko jarduerarekin jarraitzen utzi behar zitzaion.
Lakaxita hustu eta gero, Martindozenean eta Ospitale Zaharrean egiten dute lo migranteek, beste aldera pasatzeko unearen zain, eta bertan ematen diete gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen. Harrera sarea ez da horrekin konforme, eta San Juan plazan kanpaldi sinbolikoa egiten duzue egunez. Zer da eskatzen duzuena?
Harrera osoa, integrala, lo egitea eta otorduak ez dira nahikoa. Edozein pertsonaren oinarrizko beharrak dira horiek, baina bidean diren migratzaileek beste behar batzuk ere badituzte; Pertsona sentitzeko beharra; lasaitasuna izatekoa; informazioaren beharra, egonaldirako eta bidea jarraitzeko; senideengatik dirua jasotzeko laguntzaren beharra, nortasun agiririk gabe ezin dutelako dirua jaso; aldatzeko arroparen beharra…
Arroparena oso garrantzitsua da, eta erakundeak ez dira horretaz jabetzen. ‘Gurutze Gorriak arropa ematen die’, esaten digute. Bai, baina behin janzteko arropa ematen diete, eta guregana arropa eskatuz etortzen dira. Bizi zaitezke egunero kamiseta berdinarekin, bost egunez kuleroak aldatu gabe, baina ez da duina. Arropa dute, noski dutela, baina aldatzeko beharra dute.
Eskertzen al dute ematen diezuen laguntza?
Begira, guk aukera izaten dugu ikusteko nola iristen diren hona eta nola joaten diren hemendik. Bi egunetan zehar aurpegia nola aldatzen zaien, jarrera, gogoak, dena. Hori ez da loarekin eta janarekin bakarrik lortzen. Eta jarrera aldaketa horrek bere biziko garrantzia du bidearen azken zatiari begira.
Beste aldera pasatzen laguntzen al diezue?
Ez, legearen kontrakoa da hori. Guk informazioa ematen diegu, hemen dituzten baliabideez, lotarako eta jateko lekuez, eta beste aldean aurkituko dituzten zerbitzuez. Tren eta autobus ordutegien berri ematen diegu. Ez ditugu eramaten, migratzaileen trafikoa litzateke, zazpi urte arteko espetxealdia dakarrena. Hemen bai, ospitalera joan behar badute, larritasun bat badute, laguntzen diegu, horretarako ez dago arazorik, ez Espainiako estatuan ezta Frantziakoan ere. Baina alde batetik bestera, hori ez, hori ezin dugu egin.
Zaintza handia dago bai Hendaian, bai Pausun…
‘Zu ez zara Frantzian ongietorria’, hori da jendarmeek esaten dieten lehen gauza. Lur jota geratzen dira, oso bestelako ideiarekin atera zirelako euren herritik, ongietorriak izango zirela, lana emango zietela… Hendaian, Baionan, Parisen, Bordelen… harrapatzen badituzte, zubietan uzten dituzte, atxikitze zentroak gainezka daudelako. Baina berriro saiatuko dira, hurrengo egunean, edo handik bi egunera.
Eta, lortuko al dute. Iritsiko al dira nahi duten lekuraino?
Gehiago ala gutxiago kostatuko zaie, baina, behin hona iritsita… Arrisku fisikoa ez da hainbestekoa, kontuan izanik zer pasatu duten. Buruan besterik ez dute, eta buruan zerbait duzunean edozer gauza egiten duzu lortzeko. Lehengoan ia seguru ezetz, gehiagoetan itzuliko dituzte Irunera, ez da erraza izango, baina lortu arte ez dute etsiko.