48 eraikin pribatu daude oraindik ikur frankistekin hirian.
Guztira, 55 ikur frankista aurkitu dituzte Irunen.
Oraindik Irungo eraikin pribatu batzuetan geratzen diren ikur frankistak kentzeko programa bat martxan jarri du udalak. Horren bidez, udalak eraikin horien jabeen erkidegoei eskainiko die ikur horiek kendu ahal izatea bere baliabideak erabilita eta inongo kosturik gabe.
Horren berri emanez gutun bat igorri die jabeen erkidego guztiei; 48, guztira. Ekintza hori doan egin ahal izateko, gutunean dagoen dokumentu bat entregatu beharko dute hori bete eta sinatuta, hilaren 30a baino lehen. Proiektu horretara 5.753,55 euro bideratuko dira. Udalak gogorarazi duenez, legearen arabera, jabeen erkidegoak derrigortuta daude euren kabuz ikur horiek kentzera.
Oro har, eraikin gehienetan plakak edo txapak daudela azaldu du udalak, eta horiek kendu egingo liratekeela. Hala ere, beste eraikin batzuetan harrizko plakak daudela kontuan hartuta, horiek estali egingo lituzketela gaineratu du.
Monica Martinez Giza Eskubideen ordezkariak adierazi du udala azken urteetan “pauso garrantzitsuak ematen” ari dela memoria historikoaren arloan, eta ekintza horren bidez ere “are aurrerago” joaten jarraitu nahi dutela. 2014. urtean frankismoarekin lotutako lau kale izen ezabatu zituen udalak, eta, aurretik, espazio publikotik ere ikur faxistak kendu zituen.