Urriaren 6an egingo dute Fenomena Rock Jaialdiaren hirugarren ekitaldia. Bazkariko etekinak errefuxiatuen harrera sarearentzat izango dira.
Urriaren 6an egingo dute Fenomena Rock Jaialdiaren hirugarren ekitaldia Hondarribiko Kasino Zaharrean. Egun osoko festa izango da, bermut garaian Oscar Benas musikari irundarrak girotuko duena eta, bazkalostean, lau kontzertu jasoko dituena, horien artean The Hanging Stars Londresko taldearena.
Berritasunen artean, bazkari solidarioa egingo dute aurtengo ekitaldian. Hondarribia-Katsikas elkarteko kideek eta beste laguntzaile batzuek zerbitzatuko dute eta, bazkariko etekina Irunen sortu den errefuxiatuen harrera sarearentzat izango da.
Iaz bezala, paella izango da jateko Fenomenan, haragizkoa ala begetarianoa aukeran. Menuaren prezioa (edaria eta postrea barne) 12 eurokoa izango da, eta dagoeneko honako lekuetan eros daitezke txartelak: Ttopara kafetegia (Arma Plaza), Le Petit Treme (San Nikolas kalea), eta Txantxangorri (San Pedro kalea).
Ostiralean 2018ko Fenomena jaialdiari buruzko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk.
Alien Tango taldearen kontzertua, iazko ekitaldian