Atzoko plenoa
Atzo ilunabarrean egin zen plenoan, udalbatzak Kattin Ttiki memoria historikoaren aldeko taldeak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen, Bilduren eta EAJren aldeko botoekin (H1 ez zen agertu). 1939tik 1942ra frankistek 12.500 lagun behartu zituen Pikoketako, Arkaleko eta Aritxulegiko errepideak egitera eta horrez gain zazpi trabajadore fusilatu zituzten. Horiei guztiei “errekonozimendua, elkartasuna eta oroimen zintzoena” adierazi die udalak.
Maiatzaren 19an, gainera, bide horiek egin zituztenak omenduko dituzte. Horien izenean Gillermo Aizpuru azpeitiarrak jasoko du omenaldia, trabajadore gisa preso eduki zuten Aizpuru. Hiru bide horietan panel informatiboak jarriko dituzte, udaletxean bideo emanaldia izango da eta gero Aritxulegin ekitaldia. Udalak maiatzaren 19ko ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.
Miren Irigoien Bilduko zinegotziaren hitzetan, oraindik asko dago ikertzeko, baina “berandu gabiltza, oso berandu”. Oraingo belaunaldiek haiekin zorretan daudela nabarmendu zuen eta Kattin Ttikiren lana aitortu eta eskertu zuen.
LOMCEren kontrako mozioa, aurrera
Ahobatez onartu zuten beste mozioa Elizalde ikastetxeko irakasleek eta guraso elkarteek aurkeztutakoa izan zen, LOMCEri zegokiona (Espainiako Gobernuak egin nahi duen hezkuntzaren erreforma). Udalbatzarrean zegoen Aitor Okamika Elizaldeko DBHko zuzendariak hartu zuen hitza. Okamikak adierazi zuenez, udalaren babesa oso garrantzitsua da, “Lakuan zein Madrilen erabiltzeko, indar gehiago izan dezagun. Beste instrumentu bat da LOMCEren kontra joateko”. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan inoiz lortu ez dena lortu dela ere nabarmendu zuen: “Historian lehen aldiz ikastolen mundua, kristau mundua, sindikatuak, eskola publikokoak elkartu gara”.
Irati Etxebeste Bilduko zinegotziak lege horrek “aldaketa atzerakoiak” planteatzen dituela azaldu zuen eta Mikel Idiazabal EAJko zinegotziak “EAEko hezkuntza ahalmenen kontrako erasoa” dela esan zuen.
Bestalde, apirilean protokolo gastuetan (harpidetza eta bidaietan) 55 euro gastatu direla azaldu zen.