Larunbatean jaia ikusten izango dela esan du Denis Itxaso Kultura diputatuak; bi desfileak ikusiko ditu, eta errespetua gailentzea nahi du
Jaizkibel konpainia, iaz, Kale Nagusian.
Arantxa Iraola / Berria
Ohar bat plazaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta larunbatean Hondarribiko alardean plastiko beltzik ez ateratzeko eskatu du; alarde parekidearen aurkakoek keinu itsusi hori egiten dute urtero Jaizkibel konpainia parekideak Kale Nagusian igotzen duenean, baina sobran dagoela oroitarazi du Itxasok gaur. “Jaiaren kolorea ez da beltza, eta harrotasun eta poz motibo dena ez genuke banaketarako zio bihurtu behar”, adierazi du. “Eraso bat esan nahi du”.
Jaizkibel konpainiaren desfilea, eta emakumeak onartzen ez dituen alardearena; larunbatean biak ikustera joango dela esan du Itxasok, eta dei egin du “jaiaz gozatzeko bi erak” errespetuz bizitzera. Plastiko beltza erabilita oinarrizko arau hori urratu egiten dela adierazi du: “Hori ez da adierazpen askatasuna”.
Aldaketa dakar aldundiaren adierazpen horrek. Gogoan hartu behar da ekainean, Irungo alardearen atarian, oposizioa ahalegindu zela Gipuzkoako Batzar Nagusietan erdibideko zuzenketa bat aurrera ateratzen; eskatu zuten, besteak beste, alarde parekideei babesa erakusteko babes instituzionala bermatzea, eta plastiko beltz eta bestelakoak kentzeko “eskari publikoa” egitea. Ez zen onartu; EAJk, PSEk eta PPk atzera bota zuten.