'Hondarribiko Pregoi Txikia' abestuko dute bihar lehen aldiz
Entzun Pello Irigoienek eta Koldo Emeryk sortu duten abestia. Ihintza Alza eta Maddi Alonso haurrek abestuko dute bihar, txupinazoaren aurretik.
Haurren txupinazoarekin eta zezen puzgarrien entzierroarekin hasiko dira bihar Hondarribiko Festak. Horraino ezer berririk ez. Badira urte mordoxka haurrek hilaren 7ko hasiera ofizialari aurre hartu ziotela, eta jaiak egun bat lehenagotik disfrutatzen dituztela. Baina aurten bada berritasun bat. Azken urteetan pregoia irakurri izan dute txupinazoaren aurretik, jaien hasierari biribiltzeko nahian edo. Aurten, Ihintza Alza eta Maddi Alonso haurrei egokitu zaie pregoia irakurtzea. Baina ez dute irakurriko, abestu egingo dute pregoia. Hondarribiko Pregoi Txikia sortu dute, Pello Irigoienen musikarekin eta Koldo Emeryren letrarekin (entzun behean). Grabatu ere egin dute, joan den astean Psilocybenean. Grabaketan, Irigoienek eta Oihan Alberrok jo zuten txistua, Emeryk abestu zuen, eta Mikel Iturriak jardun zuen teknikari bezala.