Ostegunean Mary Shelleyren urtebetetzea ospatuko du Hondarribiko liburutegiak. Frankenstein pertsonaiari buruzko erakusketa muntatu dute.
Menina tailerrak eginiko Frankenstein, Hondarribiko liburutegian
Hondarribiko liburutegiak Mary Shelley idazle britaniarraren urtebetetzea ospatuko du ostegunean, 18:00etatik aurrera. 1797 urteko abuztuaren 30ean jaio zen Londresen eta 1818an, orain 200 urte, lehen zientzia-fikzio eleberria argitaratu zuen:
Frankenstein.
Bi urte lehenago asmatu zuen Shelleyk pertsonaia, Percy Bysshe senarrarekin Lord Byronen Suitzako etxean udarako egonaldia egiten ari zela. Eguraldi txarra zegoela-eta, mamu istorio bana idazteko proposatu zien Byronek. Egun horietan idatzi zuen Shelleyk lehen zirriborroa, bi urte geroago eleberri bilakatuko zena.
Idazlea jaio zen egunerako txokolatea prestatuko dute liburutegian. Baina, horren zain egon gabe, bere idazlan ezagunenean oinarritutako erakusketa muntatu dute Zuloaga Etxeko beheko solairuan. Frankenstein pertsonaian oinarritutako filmak, filma horietako kartelak, liburuak, komikiak… bildu dituzte erakusketarako. Beste inon ikusi ezin diren piezak ere erakusgai daude, hala nola, Judas Arrietak diseinatutako figurak, Menina txotxongilo-tailerreko Jonan Basterretxeak eta Idoia Seijok sortutako panpina (irudian), eta Elena Odriozola ilustratzailearen paperezko figurak eta antzokitxo bat, irudien bidezko narrazio aukera berriak zabaltzen dituen agertokia.
Erakusketaz gain, hainbat ekitaldi osagarri antolatu dituzte ostegun arratsalderako, idazle ingelesaren urtebetetzea ospatzeko. “Haur eta gaztetxoengan pentsatuz, txokolate-irabiakia, franki-gailetak, tarta berezia, eta abar izango dira bertaratzen direnentzat”, azaldu dute liburutegiko arduradunek.