[Galeria] 13. Hondarribia Blues. Ostiraleko argazkiak
Ikusi Hondarribia Blues jaialdiaren 13. ekitaldiko bigarren jardunaldiak utzi dituen irudietako batzuk, eta larunbateko egitaraua.
Hondarribia Blues jaialdiaren 13. ekitaldiko bigarren jardunaldia egin zen atzo. Oraindik baten bat ariko da bere buruari galdezka, ‘nola demontre egiten du hori?’. Mark Hummelek harmonikarekin erakustaldia eman zuen Bentako oholtzan. Izugarria! Awek taldeak Arma Plazako oholtza estreinatu zuen. Ematen zuen eguraldiak frantsesen saioa zapuztuko zuela baina ez, partidaren aurretik berdegunea ureztatzen denean bezala izan zen. Kontzertua hasi baino bizpahiru minutu lehenago atertu zuen. Blues oso pertsonala egiten du Awekek eta publikoak gozatu zuen haien proposamenarekin. Gaur eguerdian errepikatuko dute bazkalostean Blues Villagen, baita Hummelek ere. Gauza gehiago utzi zituen ostiralak. Still River bizkaitarrek Euskal Herrian blues ona egiten dela berretsi zuten. Bentako saioak ireki zituzten eta sekulako energiaz zipriztindu zuten estalpera hurbildu ziren guztiak. Hummelen master class-aren ondoren, Espainiako Estatuko blues musikari onenetako batzuen bilerarekin itxi zen atzoko egitaraua. Kalitatea eta oso rollo ona, horiexek Crossroad II emanaldiaren ezaugarriak. Ezin gehiago eskatu!